argia.eus
INPRIMATU
Polonia eta Bielorrusiaren arteko mugan harrapatuta segitzen dute 12.000 migratzaile inguruk
  • Gutxienez hamaika lagunen heriotzak erregistratu dituzte; zeroz azpiko tenperaturetan eta soldaduz inguratuta daude. Poloniak eta Europako Batasunak egotzi diote Bielorrusiari “nahita” bideratu izana migratzaileak mugara, estrategia geopolitiko gisa.

Leire Artola Arin 2021eko azaroaren 11
15.000 soldadu inguru bidali ditu Varsoviak "muga zaintzera". / Argazkia: Reuters

Bielorrusiaren eta Poloniaren arteko tentsioa etengabe areagotzen ari da, bien arteko mugako egoeragatik. Bertan daude, Varsoviaren arabera, 12.000 pertsona migrante inguru harrapatuta, gehienak Iraketik, Afganistandik eta Siriatik ihesi heldutakoak, baita Afrikako Kamerundik eta Kongoko Errepublika Demokratikotik iritsitakoak ere. Gehienak hegazkinez joan dira Minskera, eta handik Europar Batasunaren (EB) parte den Poloniara pasa nahi dute, gero beste estatu batzuetan errefuxiatzeko asmoz, besteak beste, Alemanian.

Baina Poloniak mugak itxi dizkie, eta aurrera egin ezinik geratu dira behin-behineko kanpalekuetan, zero graduz azpiko tenperaturak jasaten. Kazetariei ez ezik, Gobernuz Kanpoko Erakundeei ere sarbidea itxi diete. Migrazioen Nazioarteko Erakundeak (OIM) jakinarazi du azken asteotan gutxienez hamaika hildako erregistratu dituztela. Poloniak 15.000 soldadu inguru bidali ditu “muga defendatzera”, eta igarotzen saiatzen direnak atxilotu egiten dituzte. Poloniak eta Lituaniak iragarri dute Bielorrusiaren artean harresi bat eraikitzeko asmoa dutela, eta Europako Kontseiluko Charles Michelek azaldu du aukera legokeela Bruselak diruz laguntzeko; aldiz, kontra agertu da Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidentea.

Estrategia geopolitikoak

Poloniak nahiz EBk Alexander Lukaxenko Bielorrusiako presidenteari leporatu diote “krisia nahita eragitea”, Bruselak haren aurka hartutako neurrien erantzun gisa eta EB “desegonkortzea” helburu duela esan dute. Izan ere, salatu dute “eraso hibridoa” izan dela migratzaileak EBra bideratzea: Lukaxenkori egotzi diote ateak ireki izana besteren artean Ekialde Hurbiletik Europara ihesean zihoazen migratzaileei. Dena dela, EBak ere ez du harrera politikarik bideratzen, horren lekuko dugu kanpoko mugen kontrolaz eta kudeaketaz arduratzen den Frontex agentziaren politika.

Tentsioen bi aldeak gatazka politikoan murgilduta daude, eta Michelle Bachelet Giza Eskubideetarako Nazio Batuen Goi Mandatariak ohartarazi die erantzunak “segurtasunean eta adierazpen politikoetan” oinarritzeak soilik balio duela “migratzaileen ahulguneak eta arriskuak handitzeko”. Gogorarazi die nazioarteko legedien arabera derrigorrezkoa dela asiloa eskatzeko eskubidea bermatzea, eta pertsona horien “bizia eta duintasuna” babestera behartuta daudela. Bestalde, Angela Merkel Alemaniako jarduneko kantzilerrak azpimarratu dio Vladimir Putin Errusiako presidenteari —Bielorrusiaren alde dago— “gizagabea” dela Lukaxenkok migratzaileak “tresna gisa” erabiltzea.

Interes geopolitikoak tarteko, ez da aurreikusten krisi hau azkar konponduko denik, geruza eta aktore asko baititu. Bitartean, migratzaileek mugan harrapatuta jarraitzen dute, eta hotza gero eta handiagoa izango dela azpimarratu dute nazioarteko GKEk.