argia.eus
INPRIMATU
Polonia eta Bielorrusia arteko mugako gertaeren “basakeria” salatu dute Gasteizen
  • Elkarretaratzea egin dute igande eguerdian, “Europa errudun” lelopean. Mugarik gabeko bide irekiak eta seguruak eskatu ditu Ongi Etorri Errefuxiatuak Araba taldeak.

ARGIA @argia 2021eko azaroaren 22a
Argazkia: OEE Araba

Igande eguerdian dozenaka herritar batu da Ongi Etorri Errefuxiatuak Araba taldeak deitutako kontzentraziora. Polonia eta Bielorrusia arteko mugan pilatu diren “milaka” pertsonak izan dituzte gogoan, “horietako asko adingabeak”. Europa migratzaileen bizitzen “merkantilizazioaren” gainean, mugak “hirugarren herrialdeetara” konparatuz eta militarizatuz eraikitzen ari dela salatu dute. Migratzaileak beren herrietatik ihes eginarazten dieten zergatien erantzule “zuzen” egin dituzte Europako gobernuak eta eliteak.

“Bide legalak eta seguruak eta mugarik gabeko lurraldeak” eskatu ditu OEE Arabak, eta “giza eskubideetan eta eskubide sozialetan oinarritutako politikak”. Mobilizatzera deitu ditu herritarrak, “konplize” ez izateko “Balkanetan, Ceutan eta Melillan, Greziako uharteetako eta Kanarietako kontzentrazio-esparruetan, Saharako basamortuan, Mediterraneo itsasoan, Ozeano Atlantikoan, Alpeetan edo Bidasoa ibaian, gure etxeetan, gure kaleetan gertatzen denaren aurrean”. Larunbatean bidasoa ibaian hilik aurkitu zuten migratzailea ere hartu dute gogoan.