argia.eus
INPRIMATU
Poloak aurreikuspenak baino hamar aldiz lehenago urtuko dira ikerketa baten arabera
  • Slale webgune estatubatuarrak argitaratu du Groenlandia eta Antartikako glaziarrak NBEaren adituek diotena baino hamar aldiz azkarrago urtuko direla. NASAn urte luzez ibilitako James Hansen da ikerketaren egileetako bat.

Martin Mendizabal Garai @mendigarai 2015eko uztailaren 22a
James Hansen ikerketaren aurreikuspenak betetzen badira poloak oso bizitza murritza gelditzen zaie (Argazkia: Animales en extinción)

Ikerlariek itsasoaren maila 50 urte baino lehenago 10 oin (3 metro inguru) handituko dela diote.

Txostenak aditzera ematen duenez, egoera horrek esan nahi du adibidez New York eta AEBetako kostako beste hiriburuak hamarkada oso gutxiko bizigarritasuna edukiko dutela. Hau honela izanda herrialde guztien larrialdizko kooperaziora deia egin du.

Itsasoaren mailaren horrenbesteko igoerak desoreka sozial handiak edukiko ditu, baita ondorio ekonomiko izugarriak ere. Behartutako migrazio masiboak eta kolapso ekonomikoak planeta gobernaezin bihurtuko lukete.

Nazio batuen Erakundearen adituen arabera mende amaierarako itsasoaren handitze-maila metro batekoa izango da. Hansenek zuzendutako ikerketaren aurreikuspenak betetzen badira ordea, ondorioak askoz okerragoak lirateke.

66 orrialde dituen txostena Atmospheric Chemistry and Physics aldizkarian argitaratuko da eta ordaindu gabe irakurri ahal izango da.