argia.eus
INPRIMATU
Polizien biktimen legea indargabetzea “Nafarroako subiranotasunaren aurkako erasoa” dela salatu dute
  • Nafarroako indarkeria polizialaren biktimek prentsaurrekoa eman dute asteazkenean Espainiako Konstituzio Auzitegiak Nafarroako polizien biktimen legea indargabetu izana salatu dute.

Asier Gonzalez de San Pedro @asiertxiki98 2018ko abuztuaren 09a
Prentsaurrekoa (Argazkia:Cadenaser.com)

Eskuin muturreko taldeek eta segurtasun indarrek eragindako indarkeriaren biktimen Nafarroako legearen aurka ebatzi dute Espainiako epaitegiek. Horren harira prentsaurrekoa egin dute asteazkenean.

Fermin Rodriguez, German Rodriguezen anaiak, eta Idoia Zabalzak, Mikel Zabalzaren arrebak, gogorarazi dute ez dutela “legegile, eta are gutxiago epaile” bilakatu nahi. Iragarri dute Nafarroako Gobernuak beste lege bat ateratzeko aukera duela eta argi utzi dute haien kasuak aztertzen eta argitzen uzten ez duen lege bat ez dela “ondo jasoko”. Rodriguez eta Zabalzak adierazi dute horrelako legerik ez zela beharrezkoa izango epaileek “agindutako lana” egin izan balute.

Biktimek gogorarazi dute indargabetutako legea ez zela “perfektua” eta hobetu zitekeela, baina “gure legea zen”. “Ikerketa batzordeen sorrerak ate ireki bat uzten zuen  justizia arruntak ahaztutako kasuak aztertzeko” eta Nafarroako parlamentuaren “subiranotasunaren aurkako erasoa” dela salatu dute. Onartu dute sententziaren emaitza aurreikusteko modukoa zela. “Azkenaldian kasu batzuk dauzkagu nazka eta arbuioa sortu dizkigutenak” esan dute,  Altsasuko gazteen eta Sanferminetako bortxaketaren epaiak gogoan.

 

 

Bideo hau Ahotsa.info-k argitaratu du eta CC by-sa lizentzia baliatuta ekarri dugu Argia-ra.