argia.eus
INPRIMATU
Polizien biktimen EAEko legeak nazioarteko araudiarekin bat egiten du, NBEren arabera
  • Fabián Salvioli NBEko Giza Eskubideen Batzordeko presidente ohiaren esanetan, poliziaren gehiegikerien biktimei ordaina emateko iazko uztailean EAEn onartutako legea guztiz bat dator nazioarteko araudiarekin. Eusko Jaurlaritzak legeari buruzko txostena eskatu zion Salvioliri iazko udazkenean, Espainiako Gobernuak haren aurkako helegitea jarriko zuela iragarri eta gero, Konstituzioa urratzen duela argudiatua.

ARGIA @argia 2017ko apirilaren 25a
Jonan Fernandez Jaurlaritzako Giza Eskubideen idazkariaren eta Fabián Salvioliren agerraldia (Arg.: Eusko Jaurlaritza)

Salvioliren azterketaren ondorioak argiak izan dira: polizien biktimen legeak erabat betetzen du nazioarteko zuzenbidea. Hala adierazi du Eusko Jaurlaritzak antolatutako lan saio baten karietara emandako prentsaurrekoan. Legeak aurreikusten dituen erreparazio neurriak egokitzat eta egiarako eskubidea betetzeko lagungarritzat jo ditu aditu argentinarrak.

Eusko Legebiltzarrak joan den uztailean onartu zuen, EAJren eta PSE-EEren aldeko botoekin eta EH Bilduren abstentzioarekin, 1976 eta 1999 artean indarkeria politikoaren testuinguruan izandako poliziaren gehiegikerien biktimei aitortza eta ordaina emateko legea.

Espainiako Gobernuak haren aurkako helegitea iragarri zuenean, urrian, Madrilek eta Gasteizek sei hilabeteko negoziazio epea irekitzea adostu zuten.  Maiatzaren 10erako hitzartua duten bileran akordioa lortzen saiatuko dira bi gobernuak. Jaurlaritzak Fabián Salvioliren txostena izango du legearen aldeko argudio nagusietakoa.