argia.eus
INPRIMATU
Poliziaren beste 66 biktima aitortu ditu Eusko Jaurlaritzak
  • Tartean, Joxi Zabala aitortu dute biktima gisa eta Joxean Lasa aitortzea ere ez dute baztertzen. Astelehen honetan, hilak 30, aurkeztuko dute Balorazio Batzordearen txostena.

Izaro Villarreal Lauroba 2023ko urriaren 30

Poliziaren biktimen errekonozimendu eta erreparazio-prozesuak beste urrats garrantzitsu bat emango du: Poliziaren Biktimen Balorazio Batzordeak giza eskubideen urraketa larrien beste 66 biktima aitortuko ditu urteroko txostenean. Tartean, Joxi Zabala. Astelehen honetan, hilak 30, aurkeztuko dute txosten hau Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideetako, Berdintasuneko eta Justiziako Batzordean.

Dokumentuak argitara eman du Joxi Zabalak GALek egindako “bahiketa, behartutako desagerpena, tortura eta hilketa pasarte izugarria” pairatu zituela. Joxean Lasaren kasuari buruz, berriz, bestelako daturik ez du ematen, haren familiak txostena berandu aurkeztu baitzuen. Baina epeak berriz ere irekiko direla dio dokumentuak, dokumentazioa berandu aurkezteagatik dozenaka kasu aitortzarik gabe geratu baitira. Horregatik, Lasa biktimatzat aitortzea ere ez da baztertzen.

Giza eskubideen urraketa larrien biktima gisa aitortuko diren 66 pertsona, horietatik zazpi tiroz hil zituen Poliziak edo “eskuin muturreko” talderen batek; bat bortxatu egin zuten eta jarraian hiltzeraino jipoitu; 49 pertsona polizia etxeetan torturatu zituzten; lau tiroz zauritu eta beste bat gomazko pilotekin; hiru pertsonak zauri larriak zituzten kolpeen ondorioz. Orotara, biktimei emandako kalte ordain 1.614.007 eurokoa da.