Salatarien aurkako hainbat irudi eta mezu zabaltzen ari da sare sozialetan. Balkoietatik salatari lanak ez egiteko eskatzen diete herritarrei, poliziarekin ez kolaboratzeko, egoeraren arduradunak salatzeko edota auzokideak zaintzeko.
Konfinamendua hasi zenetik, hainbat aldiz zabaldu dira kalean dabiltzan auzokideei balkoietatik kargu hartzen dieten herritarren irudiak. Poliziari ere geroz eta jende gehiagok kontatzen dio bizilagunak egiten dituenak edo egiteari utzi dizkionak. Eta, era berean, jarrera horien aurkako mezuak ere ugaritzen ari dira, sare sozialetan zabaldutako afixa eta ilustrazioek erakusten dutenez.
Poliziaren eta balkoietako ‘txibatoen’ aurkako mezuak dira denak. Poliziarekin ez kolaboratzeko eta auzokideak zaintzeko aldarria luzatzen dute gehienek. Herritar batzuek, bai, salaketa sustatu nahi dute, baina egoeraren erruduntzat jotzen dituztenen aurkakoa: langileak lanera segurtasun neurririk gabe bidaltzen dituzten enpresari eta buruzagi politikoen aurka, urteotan osasun zerbitzuak murriztu dituztenen aurka, azpiegitura erraldoiak zerbitzu sozialen aurretik jarri dituztenen aurka... “Baduzu lana, ezta? Ba, orain, txakurrarena egiteari utzi, mesedez!” amaitzen du mezu horietako batek. “Denok ezin dugu konfinamendua modu berean egin”.