Mugimendu Sozialistako bi kidek Poliziaren partetik jazarpen jarraitua pairatu dutela salatu dute. Irekita zeuzkaten prozesu judizialek etorkizunean eragin liezazkieketen balizko kalteen aurrean laguntza eskaini diete militanteei, trukean Mugimendu Sozialistari buruzko informazioa lortzeko helburuarekin; kolaboratzeko proposamena egin diete.
Poliziak bi militanteri egindako jazarpen jarraitua salatu du Mugimendu Sozialistak. Jakinarazi dutenez, Mugimendu Sozialistari buruzko informazioa lortzeko helburuarekin, azken hilabeteetan "jarraipenak, deiak, mezuak, kolaborazio eskaerak, gezurrak, mehatxuak, xantaiak eta abar" pairatu behar izan dituzte jazarritako bi kideek.
Jazarritako bi militanteen testigantza bideoan jaso dute. Aitzakiak baliatuz egin zuen lehen kontaktua beraiekin Poliziak: bizikleta baten ustezko lapurretaren harira identifikatu zuten bi militanteetako bat Gasteizen, eta emakume baten ustezko desagerpenaren harira identifikatu zuten bestea, Zarautzen. Identifikazio horien eskutik etorriko ziren gerora berriki salatutako guztiak.
Gasteizen identifikatutakoak azaldutakoaren arabera, identifikatua izan eta bost minutura agertu zen "teorian epaitegian lan egiten duen pertsona bat", eta hark adierazi zion prozesu judizial bat irekita zuela eta horrek ondorio negatiboak ekarri ahalko zizkiola. Hori esanda, laguntza eskaini zion. "Hurrengo egunean kafe bat hartzeko geratu ginen eta niri buruzko informazio gehiago zeukala argi utzi zidan". Ezertan geratu ez ziren arren, aste pare baten buruan telefono bidez mezuak bidaltzen hasi zitzaiola azaldu du, beste hitzordu bat egitea proposatuz. "Bere asmoa ikusita nik edozein kontaktu etetea erabaki nuen, baina nahiz eta nik erabaki hori hartu bera nirekin harremanetan jartzen saiatu zen behin baino gehiagotan deituz". Deiak hartzen ez zizkionez etxeko atarian agertu zitzaion, eta orduan egin zion kolaboratzeko proposamena, "berak emandako laguntzagatik nik informazioa zor niola argudiatuz". Aipatu duenez, polizia beldurra sartzen ere ahalegindu zen.
Zarautzen identifikatutako kidea kalez jantzitako bi ertzainek geratu zuten. Azaldu duenez, NAN zenbakia eman eta gero zentralean alerta batek jo zuela helarazi zioten, eta beste polizia batek etorri behar zuela jakinarazi. "Beste ertzain hori etorri zenean, hasieratik garbi utzi zidan nik berarekin hitz egitea nahi zuela martxoaren 24an gertatutako piketeei buruz". Egun horretan ikasle greba egin zuten, eta Gasteizko campusean atxiki eta identifikatu zuten Mugimendu Sozialistako kidea. Polizia iritsi berriak kafe bat hartzeko gonbita luzatu zion, baina gazteak hurrengo egunean adierazi zion ez zuela hitzordurik egingo. Egun batzuetara, telefonoz deitu zion poliziak, eta kasu honetan ere etorkizunean izan zitzakeen arazoekin hasi zitzaizkion xantaia egiten, hitzordua lortu asmoz. "Esan nion abokatu batekin bakarrik geratuko nintzela berarekin (...) hala ere, hurrengo egunean, nire etxetik oso gertu, etorri zen nigana". Azaldu duenez, orduan ikusi zuen azkenekoz, eta telefonoz esandako berdina helarazi zion: bakarrik abokatu batekin baldin bazen egingo zuela hitzordua.
Gasteizen identifikatutako kideak zeri buruz galdetu zioten jakinarazi du: Konkretuki UIB Unibertsitateko Indar Batasunaren eta IA Ikasle Abertzaleaken inguruan galdegin zion poliziak. "Unibertsitatean zer antolatzen den jakin nahi zuen", adierazi du.
Poliziaren jazarpenaren helburua "militantzia politikoa arrakalatu, desegin eta hazi ez dadin oztopoak jartzea" da Mugimendu Sozialistaren begietara, hala adierazi baitute jazarpena salatzeko egindako agerraldian. "Guztiz mespretxagarria deritzogun praktika horren aurrean irmo mantenduko garela adierazi nahi dugu", jakinarazi dute.