Ostegunean, martxoak 26, eskuin muturreko taldeek eta poliziek motibazio politikoengatik eragindako biktimen legea onartuko du Nafarroako Parlamentuak. German Rodriguez, Mikel Zabaltza eta Anjel Berrueta aintzatetsiko dituzte biktima gisa besteak beste.
Nafarroako Parlamentuko Presidentetza, Justizia eta Barne batzordearen baiezkoaren ondoren, Parlamentuko azken osoko bilkuran onartuko da legea. Bilduko Bakartxo Ruizen aburuz legealdiko legerik garrantzitsuena izanen da: “Orain arte baztertutako biktimei oroimena, aitortza eta ordaina eskainiko die”.
Nafarroako Parlamentuak biktimok kontuan hartzeko eta kalte-ordainak emateko batzorde bat sortuko du urtea bukatu baino lehen. Elkarbizitzaren eta ordainaren batzordea izena hartuko du, eta «prestigio sozial eta moral handiko» bederatzi pertsonek osatuko dute. Bost urteko iraupena izango du eta bere helburua gertakariak finkatu eta ikertzea izango da.
Era berean, "barkamen publikoa" eskatzeko, hainbat ekimen eginen dituzte erakundeetan eta ikastetxeetan.