argia.eus
INPRIMATU
Poliziaren indarkeriaren biktimak aitortzeko batzordea martxan da Nafarroan
  • Lehen bilera egin dute batzordeko kideek, Ana Ollo Nafarroako Gobernuko Gizarte Harremanetarako sailburuarekin batera. Biktima izaera edukitzeko eskaerak aztertuko ditu, besteak beste.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2022ko irailaren 22a
Batzordeko kideak Nafarroako Jauregian; Ana Ollo sailburuak gidaturik bildu dira (argazkia: Nafarroako Gobernua)

Poliziaren eta eskuin muturreko taldeen indarkeria jasan duten biktimak aitortzeko batzordea Nafarroako Jauregian bildu da ostegun goizean, Ana Ollo sailburuak gidaturik. Batzordea 2019ko foru legearen bidez sortu da eta bere osaera Nafarroako Parlamentuan adostu dute PSN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos eta I-Ek aukeratutako lau kiderekin.

Mikel Berraondo Giza Eskubideen aholkularia, Marta Rodríguez soziologoa, Roldan Jimeno historialaria eta Soledad Barber legelaria dira lau kideak, eta horiez gain beste bost lagun izango dira batzordean: Martin Zabalza, Bake, Bizikidetza eta Giza Eskubideen zuzendaria izango da batzordeko buru, Nafarroako Memoriaren Institutuko Jose Miguel Gastonek idazkari lanak egingo ditu, eta Iñaki Pradini eta Mikel Urtiaga perituek, eta Silvia Galarreta soziologoak ere parte hartuko dute.

Barne arauen inguruan hitz egin dute lehen bileran, baita biktimak aitortzeko prozeduren inguruan ere, Nafarroako Gobernutik azaldu dutenez. Ollok "pauso garrantzitsutzat" jo du batzordea martxan jartzea: "Oztopo asko izan ditugu Estatuaren partetik eta eskuineko taldeen partetik biktimak aitortzeko", azaldi du sailburuak Diario de Noticias egunkariak jaso duenez.

Pasa den maiatzean lege proposamena atera zuten aurrera Nafarroako Parlamentuan, 2019ko foru legea moldatzeko. PSN, Geroa Bai eta Ahal Duguren ekimena izan zen, baina EH Bilduren eta Ezkerraren babesa ere izan zuen. Orain tramitazio fasean dago. Aurreko legeak bermatzen ez dituen hainbat alderditan sakondu nahi du proposamen berriak, hala nola: biktimei kalte ordain "zehatzak" ematea eta "segurtasun juridikoa" eskaintzea.