argia.eus
INPRIMATU
Parisko aldirietan geroz eta istilu gogorragoak Poliziarekin
Su artifizialekin eraso egin diote bart Champigny-sur-Marn herriko Poliziaren egoitzari
  • Irudi ikusgarriak zabaldu dituzten sare sozialetan, Paris eta Frantziako gero eta hiri gehiagoren aldirietan gertatzen ari diren protesten arrastoan: su artifizialak Paris kanpoaldean dagoen Champigny-sur-Marneko polizia egoitzaren aurka.

ARGIA @argia 2020ko apirilaren 23a
Zabaldu dituzten bideoetako kaptura batzuk.

Polizia iturrietatik gertuko kontuez informatu ohi duen Actu17 hedabideak zabaldu duenez, asteazkenetik ostegunera bitarteko gauean, goizaldeko 01:00ak inguruan, egoitzaren kanpoan atseden hartzen ari ziren Potiers-etik joandako hainbat CRS agenteri su artifizialak bota zizkieten. Paris aldirietako istiluei aurre egitera joanak dira agente horiek.

Agenteetako bat arin zauritu zen eta entzumen arazoak ditu. Su artifizialak bota zizkietenek ihes egitea lortu zuten eta ez zuten inor ere atxilotu.

Jarraian sare sozialetara igo dituzten zenbait bideo:

Nondik dator gatazka?

Apirilaren 18an Villeneuve-la-Garenne auzoko gazte batek moto istripu larria izan zuen poliziak bera ondotik igarotzen ari zela atea ireki zuelako. Atea nahita ireki ziotela salatu zuen gazteak, eta une horren osteko bideoa grabatu zuten herritar batzuek. Haserreak piztu ziren hainbat auzo popularretan. Orokorki, gainera, auzo horietako biztanleek azkarki bizi dituzten diskriminazio eta desberdintasun sozio-ekonomikoak areagotu egin dira konfinamenduarekin. Giza eskubideen arloan dabiltzan hainbat egiturek salatu dituzte poliziaren gehiegikeriak.

Irudiek haserrea piztu eta matxinadak eragin dituzte apirilaren 18 horretan, eta biharamun gauean Frantziako beste hainbat auzotara ere zabaldu dira matxinadak. Poliziaren parean suziriak erabiltzen dituzte. Besteak beste, Parisko hainbat auzotan, Lyonen eta Tolosan izan dira protestak.

Polizia gehiegikeriak konfinamenduan ere

Polizia gehiegikeriak biderkatuz doaz auzo herrikoietan eta bertakoen haserreaz gain, giza eskubideen arloan dabiltzan hainbat egituraren kezka ere piztu dute. Hala nola, Frantziako Abokatuen Elkarteak, Human Rights Watch zein Giza Eskubideen Ligak salatu dute poliziaren jokaera: "Larrialdi sanitario egoerak ezin du Zuzenbide Estatuarekin hausturan izan, larrialdi sanitario egoerak ezin dit justifikatu kontrol diskriminatzaileak eta neurriz kanpoko eta justifikaziorik gabeko bortizkeriaren erabilpena".

Poliziaren gehiegikeriak plazaratzen dituzten bideoak hamarnaka dira sare sozialetan. Besteak beste: