29 urteko gizon afro-amerikarra hil zuten Memphisko bost poliziek urtarrilaren hasieran; jipoia eman eta hiru egunera hil zen ospitalean. Ostiralean publiko egin zituzten unearen bideoak, eta ehunka lagunek protestak egin dituzte hainbat hiritan. Poliziaren indarkeria eta arrazakeria sistemikoa salatu dituzte.
AEBetan Polizia ereduaren gaineko eztabaida aspaldidanik dago irekita, baina urtarrilaren 28an argitara atera zituzten bideoek haserrea indartu dute, eta protesta jendetsuak zabaldu dira hainbat estatutan. Irudietan ikus-entzuten da nola hil zuten Memphisko bost poliziek Tyre Nichols 29 urteko gizon afro-amerikarra.
Urtarrilaren 7ko iluntzean geldiarazi zuten gaztea, trafiko arau-hauste bat egin zuela egotzita, etxera bidean zihoala. Indarka atera zuten autotik, piper gasa bota zioten aurpegira, ihes egiten saiatutakoan pistola elektrikoarekin egin zioten tiro, eta, minutu gutxira berriz harrapatu zutenean, bortizki jipoitu zuten. Bideoek erakusten dute ezin izan zuela defendatu ere egin. Ospitalean hil zen urtarrilaren 9an, eta autopsian baieztatu dute kolpeek eragin ziotela heriotza.
Memphisen ez ezik, AEBetako beste hainbat hiri nagusitan ere protesta jendetsuak egin dituzte, heriotza salatzeko eta Poliziaren indarkeria eta arrazakeria sistemikoa baztertzea eskatzeko: New York, Chicago, Washington, Filadelfia, Los Angeles, Portland, Detroit, Atlanta eta Newark hirietan, besteak beste.
Ostiraleko Filadelfiako protestan, Party for Socialism and Liberation alderdi komunistako Talia Giles kideak Poliziaren jokabidea salatu zuen, The Guardianek jaso duenez: “Giza bizitzarekiko erabateko axolagabetasuna erakusten du. Erakusten du Poliziak, edozein arrazakoa izanda ere, jendea izutuaraziko duela, zeren hori baita sistemaren zeregina. Boterearen bidez herritarren aurka egitea du xede”.
Coris Bush kongresuko kideak ere Polizia sistemari egotzi dio hilketaren errua: “Gure herrialdean jarraituko da pertsona beltzen heriotza baimentzen, harik eta Polizia sistema arrazista desegiten den arte. Esklabotasunean eta gobernuaren kontrolean oinarritzen da sistema hori”.
Nicholsen heriotza eragin zuten bost poliziak espetxean daude, zenbait delitu leporatuta, hala nola hilketa bigarren graduan eta bahiketa. 60 urte arteko kartzela-zigorra izan dezakete auzipetuek. Kasu honen berezitasuna da bost poliziak ere afro-amerikarrak direla. “Bostak afro-amerikarrak izateak ez du ezer esaten arrazakeria instituzionalari buruz”, zehaztu dio El Diario-ri Alex Vitale Soziologiako irakasle eta AEBetako Poliziaren jokabidearen ikerlariak, elkarrizketa argigarri batean.
Bostak ziren Memphisko Poliziaren Scorpion unitate berezikoak, eta ostiralean bertan jakinarazi dute unitate hori desegin dutela, Nicholsen familiaren abokatuak eta aktibistek hala eskatuta. Scorpion 2021eko urrian sortu zuten, “auzoetara bakea itzularazteko, eremurik gatazkatsuenetan”. Unitateak herritarren kritika ugari jaso ditu sorreratik, “ekintza gogorregiak” egin dizkietelako, eta batik bat auzotar pobreenak eta arrazializatuak zituztelako jo-puntuan, New York Times egunkariak jakinarazi duenez.
Hilketan jende gehiago dago inplikatuta: Memphisko Polizia departamenduko beste bi agente eta bi sheriff ere kargutik kendu dituzte, eta Suhiltzaileen departamenduko bi langile ere kaleratu dituzte. Ben Crump abokatuak kritikatu du esanguratsua dela polizia horietako bat zuria dela, eta hain justu aske utzi dutela, “begirada publikotik babestuta eta ezkutatuta”. Nichols artatu zuten larrialdietako langileak ere ikerketapean daude.