argia.eus
INPRIMATU
Polizia arrazakeria salatzea “iraingarria” delakoan, espedientea ireki die Poliziak Bilbon
  • Bilboko San Frantzisko auzoan bizi duten Polizia gehiegikeria salatzeko elkarretaratzean, zer eta espedientea ireki die Poliziak, salaketa iraingarria dela argudiatuta. Uzkurtu ordez, berriz ere kalera aterako dira bizilagunak asteazken arratsaldean, “sarekada polizial arrazistak, etxe atarian jasandako miaketa umiliagarriak eta bizigarritasun baimena dutenen etxebizitzen hustuketa ilegalak” salatzeko.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2023ko martxoaren 15
Astebetean San Frantzisko auzoan 50 ibilgailu polizialen presentzia zenbatu du SOS Arrazakeriak. Irudian, egoera salatzeko azken elkarretaratzea.

Pertsona migratzaile eta arrazializatu asko bizi da San Frantzisko auzoan, eta horien kontrako poliziaren jazarpenaz eta auzoak bizi duen militarizazioaz nazkatuta daude bizilagunak. Egunerokoa zein den kontatu digu Karen Brunel Bizkaiko SOS Arrazakeriako kideak: “Justifikatu gabe jendea gelditzea, atxilotze ilegalak, sarekada polizial arrazistak, etxe atarian miaketa umiliagarriak, bizigarritasun baimena dutenen etxebizitzak ilegalki hustea inongo agindu judizialik gabe eta indarrez… Azken finean, botere abusua eta bortizkeria”. Astebetean auzoan 50 ibilgailu polizialen presentzia zenbatu du SOS Arrazakeriak. Eta azaldu digu azkenaldian Murtziako CIEra (migratzaileak atxikitzeko zentrora) deportatu duela auzoko jendea Espainiako Poliziak, eta udaltzainen laguntza izan dutela horretarako.

"Furgoneta polizialak eta 24 agente zain genituen, paradoxikoki gure salaketari arrazoia emanez, modu baketsuan bildu ginen berrogei lagunentzako erreakzio polizial hori ikusita"

Zergatik Poliziaren halako presentzia desproportzionatua?

Bizkaiko SOS Arrazakerian jasotzen dituzten salaketen artean, gehienak Poliziaren arrazakeriari lotuak dira. “Talde etniko jakin batzuk kriminalizatzen ari dira”, dio, “eta migratzaile eta arrazializatuak direlako, sarri paperik gabeak, are gehiago urratzen zaizkie euren eskubideak”. Auzoaren militarizazioa handitu egin dela gehitu du, beharbada “garbitu” egin nahi dutelako, “migratzaileak hortik bota eta auzoa gentrifikatu, ez baitugu ikusten beste arrazoirik horrela jokatzeko, hain modu desproportzionatuan”.

Hori guztia salatzeko egin zuten azken elkarretaratzean, “furgonetak eta 24 polizia agente zain genituen, paradoxikoki gure salaketari arrazoia emanez, modu baketsuan bildu ginen 40 lagunentzako erreakzio polizial hori ikusita –kontatu digu Brunelek–. Arrazakeria poliziala salatu genuen eta bi agente hurbildu zitzaizkigun, Polizia iraintzen ari ginela eta autoritateari errespetu falta adierazteagatik espedientea irekiko zigutela esanez. Zur eta lur geratu ginen: adierazpen askatasunaren kontra doalako eta gainera errealitate bat salatzen ari garelako, ez gara iraintzen ari”.

Asteazken arratsalde honetan, berriz ere aterako dira kalera: kalejira antolatu dute, 19:30ean Mariaren Bihotza plazatik abiatuta. “Arrazakeria gure auzoetatik kanpora!” leloa izango dute aldarri.