argia.eus
INPRIMATU
Mexikon feminizidio bat salatzeko protestan ari zen manifestazioari tiro egin dio poliziak, hainbat zaurituz
  • Mexikoko Cancún hirian, hainbat pertsona zauritu ditu poliziak, tartean bi kazetari, emakumeen aurkako biolentzia salatzen ari zen manifestazioari tiro egin ostean, Democracy Now hedabidek informatu duenez.

Lander Arbelaitz Mitxelena @larbelaitz 2020ko azaroaren 11
Alexisentzat justizia eske egindako manifestazioa gogor zapaldu zuen poliziak.

Protestak Quintana Roo estatuan lehertu dira, astelehenean aurkitu dutenean 20 urteko Bianca Alejandrina Lorenzanaren gorpua –Alexis gisa ez bataiatua, "Alexisentzat justizia" leloa hortik dator–, ostiralean lanetik atera zenetik asteburu osoan desagertua egon ostean.

Aurten Quintana Roo estatuan gutxienez dozena bat feminizidio jadanik gauzatu dituzte gizonek eta kolektibo feministek salatzen dute estatuak ez duela nahikoa egiten emakumeen bizitza defendatzeko. Protestan Quintana Roo estatuko fiskaltzaren eraikinaren atarian zaborrari su eman diote.

 

Poliziak tiro egin zion protestari eta hainbat lagun zauritu.

 

Hemen irakur daiteke Iniciativa Mesoamericana de mujeres defensoras de derechos humanos elkarteak kasuari buruz egiten duen irakurketa eta eraso matxisten jarraipena.

Mexikon gizonek, bataz beste, hamar emakume hiltzen dituzte egunean. Gai honekin lotuta, ARGIAn duela urtebete argitaratu genuen Vanessa Navaren erreportajea. Bertan kontatzen da kolektibo feministek herrialde bortitz honetan darabilten borroka erradikala: "Ez dute gure isiltasunaren erosotasunik inoiz gehiago edukiko".