argia.eus
INPRIMATU
Spy cops eskandalua
Polizia infiltratuak haurrak izatera iritsi dira ekintzaileekin Erresuma Batuan
  • Directa agerkari digitalak Espainiako polizia infiltratu baten kasua argitaratu du; hainbat emakumerekin harreman sexu-afektiboak bilatu zituen, besteak beste, inguru militanteetara sarbidea errazteko. Erresuma Batuan azaleratu dituzte antzerako gertakariak: seme-alabak edukitzera ere heldu izan dira polizia infiltratuak, eta ihes egin dute ondoren.

Gorka Peñagarikano Goikoetxea 2023ko urtarrilaren 31

Spy Cops izena hartu du auziak, eta izen bereko agerkarian bildu dituzte Erresuma Batuko hainbat eta hainbat kasu. Gizarte mailan egindako ikerketaren arabera, 1968tik aurrera eta gutxienez 40 urtez erabili du Poliziak aipaturiko metodoa, zelatatutako pertsonarekin harreman sexu-afektiboak edukitzea. Salaketa publikoen ondotik, 2015ean erabaki zuen Erresuma Batuko Gobernuak ikerketa batzorde bat zabaltzea, kasuak aztertu eta argitaratzeko –lanean dihardute oraindik ere–. Batzorde horrek jakinarazi zuen MI5 inteligentzia zerbitzu britainiarrarekin "harreman estua" zutela jardunbide horiek praktikan jarri zituzten poliziek.

Helen Steel eta beste hainbaten kasua

Greenpeace taldearen manifestazio batean ezagutu ziren elkar, 1980. hamarkadaren amaiera aldera. 23 urte zituen Helen Steelek; 28 berak, ustezko John Dinesek, polizia infiltratuak. Gurasoak galdu eta senide eta ia lagunik gabe geratu zela zioen Dinesek, eta bizitzari beste buelta bat eman eta berriz hasteko lekualdatu zela bizitokiz. Penaz begiratzen zion Steelek; ideia politikoetan bat egiten zuten eta jatorra zirudienez, lagunak egin ziren. Urte batzuetan atzetik segi ziola kontatu du emakumeak, berak antolatutako planetara batzen zela alegia: basoilarren hainbat ehizaldi sabotatu zituzten Yorkshiren eta baita McDonald's katearen aurkako ekintzak egin ere. Dinesek parte hartu zuen halakoetan, eta Steelen arabera erakusten zuen iniziatiba, taldearen parte izateko nahia-edo. Hala kontatzen du esperientzia Deep Deception liburuan, beste hainbat kiderekin batera.

Hasieran tristuraz begiratzen zion arren, gertutasunak gertutasun, maitemintzera heldu zen Steel. Pisu bat alokatu zuten Londresen eta batera joan ziren bizitzera. Baina Dines ez zegoen hain gustura: hiritik alde egin nahi zuen, landa-eremura joan eta seme-alabak izan. Konbentzitzear egon zela kontatu zion emakumeak The Guardian egunkari britaniarrari elkarrizketa honetan, baina ez zuen lortu. Gerora jakin zuen gizonezkoa ezkonduta zegoela, eta jakin orduko Dinesek alde egin zuen; ez du ordutik bere berririk izan.

Testigantzak jaso dituzten liburuak zeresan handia eman du Erresuma Batuan; "biolentzia politiko eta instituzionala" salatu dute Poliziaren biktimek, "bortxatuak" izan direlako.

Errepresioa salatu dute Bartzelonan infiltratu den poliziaren biktimek

Directa hedabide katalanak jakitera eman duenez, errepresioa salatu dute hainbat emakumek, haien kasuak ezagutarazi diren honetan. La Cinètika auzo librean infiltratu zen polizia, eta kontu horretatik bertatik babesa eta gertutasuna luzatu diete biktimei.