argia.eus
INPRIMATU
Poliziak kexu dira G7an izango dituzten lan baldintzez
  • 10.000 polizia baino gehiago etorriko da Lapurdira G7ko gailurraren aurkako protestak indargabetu asmoz. Izango dituzten lan baldintza txarrak salatu dituzte polizien sindikatuek. Azken garaian polizien artean suizidio tasa nabarmen igo da, eta batzuek lan gainkargarekin eta horren prekarizazioarekin lotzen dute.

ARGIA @argia 2019ko abuztuaren 07a
Kalez jantzitako polizia bat, jaka horien mobilizazio baten aurka lanean. Argazkia: fr.blastingnews.com.

Eitb-k jakinarazi duenez, Frantziako Estatuko Poliziaren sindikatuak kexu dira G7an izango dituzten lan baldintzak direla eta. Sindikatu horietako baten bozeramailea elkarrizketatu du Eitb-k. Poliziak dio ez dagoela hotel nahikorik Lapurdira helduko diren 10.000 poliziatik gora hartzeko. Ondorioz, Landetako kanpinetan ezarriko dituzte asko. Istiluen aurkako poliziak soilik izango omen dira “ondo” hartuak.

Ez dira kezka agertu duten bakarrak. Merkatariak okupazio polizialak eragin dezakeen irabazien galeraren beldur dira. "Abuztuaren azken erdiak gure diru-sarreren %25a jasotzen dugu. Hondamendia izango da", diotso merkatari batek euskal telebistaren kamerei. "Ez dute herriko jatetxeetan bazkalduko, hainbeste izanik haien sukaldariak ekarriko dituzte", gaineratu du herri horretako alkateak.

Polizia sindikatuaren bozeramaileak bestelako gabeziak ere aipatu ditu. Gailurrean erabiliko dituzten autoen egoera kaxkarra, edo polizia batzuk oso urrutitik ekarriko dituztela, besteak beste: “Gutaz abusatzen ari dira”.

Suizidioak lan gainkargagatik

Apirilean Frantziako poliziek kontzentrazioak egin zituzten polizia etxeetan, lankideen artean suizidio tasa altua dela eta "dolua" adierazteko. 28 ziren ordurako bere buruaz beste egindako poliziak, lau eguneko bat. Gaur egun, 42 dira. 2018an, 68 poliziek egin zuten euren buruez beste.

Poliziaren sindikatuek lan baldintza eskasei, estresari eta lan gainkargari leporatzen diote suizidio tasaren igoera. Lanaren gainkargaren arrazoietako bat ugaldu diren protestak eta mobilizazioak lirateke, Emmanuel Macronen gobernuak horien aurrean erantzun poliziala lehenetsi baitu. Jaka Horien aurkako mugimendua adibide ikusgarrienetakoa da, baina ez bakarra. Poliziaren jardunak gainera horiekiko erra areagotu du jendarte sektore batzuetan, ekintzaileena eta hiriguneetako aldirietako baztertuena kasu. Poliziaren aurkako irainak ohikoak dira, esaterako, jaka horien mobilizazioetan. Suizidioen aurka polizia etxeetan kontzentrazioak egin eta hurrengo larunbateko protestetan, poliziak suizidatzera animatu zituen hainbat manifestarik: