argia.eus
INPRIMATU
Eskua galdu du Baionako gazte batek Jaka Horiei Poliziak jaurtitako granada baten ondorioz
  • Bordelen larunbatean Jaka Horiek egindako mobilizazioan zauritu zen gaztea. Poliziak jaurtitako granada batek eskuan egin zion eztanda. Asteazkenerako kontzentrazioa deitu dute Baionako herriko etxearen aurrean, elkartasunez.

ARGIA @argia 2018ko abenduaren 10
(Argazkia: Emilien Gomez)

32 manifestari zauritu ziren larunbatean Jaka Horiek Bordelen egindako mobilizazioan. Zaurituetako bat 26 urteko Antoin baionarra da eta poliziak jaurtitako granada baten eztandaren ondorioz eskua galdu du.

Frantziako France Inter irratiak eman du jakitera Antoinen egoera, Thibault Lefèvre eta Valeria Emanuelek idatzitako erreportai baten bidez. Bertan Antoinek gertatutakoaren nondik norakoak azaltzen ditu: manifestazioan zela hanka artean zerbait zeukala ohartu eta zer zen jakin gabe eskutan hartu zuen, poliziari bueltan jaurti asmoz. Granadak, baina, gainean egin zion eztanda. Segidan ospitaleratu behar izan zuten, eta eskua anputatu diote.

Antoinek, mobilizazioan granadekin zaurituak izan ziren beste sei pertsonekin batera, salaketa jartzeko asmoa agertu du. “Salaketa jarriko dut, aurrera jarraitu ahal izateko justizia minimo bat eta zauria eragin didan arma zein den jakin behar dudalako, baita berdina gertatzea ekiditeko zer egingo duten ezagutu ere”, adierazi dio France Inter irratiari.

Elkartasun kontzentrazioa

Baionan elkarretaratzea deitu dute asteazkenerako, hilak 12, 20:00etan "zaurituekin elkartasunez eta errepresioaren aurka".