argia.eus
INPRIMATU
Poliziak hutsarazi egin du errefuxiatuei babesa emateko Frankfurten okupatutako etxea
  • Errefuxiatuei eta etxegabeei babeslekua eskaintzeko asmoz eraikin bat okupatu du Frankfurteko “Project Shelter” mugimenduak ostegun iluntzean. Alabaina, poliziak ordu batzuen buruan hutsarazi du.

EƱaut Agirrebengoa Apaolaza @eagirrebeng 2015eko abenduaren 11
"Project Shelter" taldeak okupatutako eraikina

Frankfurter kazetak argitaratu duenez, agenteek gogor egin dute etxean eta inguruetan zeudenen kontra, borrak eta piperbeltz espraiak erabilita. Aktibistek adierazi dute guztira 25 bat zauritu izan direla.

Arratsaldean errefuxiatuekiko portaera bidegabea salatzeko eginiko manifestazioaren ostean gauzatu dute okupazioa. 1000 pertsona inguruk errefuxiatuei ongietorria ematea eskatu dute. Behin eraikina hartuta, jende ugari bildu da etxearen inguruan, balizko hutsarazte agindu baten arriskuaz jakitun.

Aktibistek eta eraikinaren jabe den ABG Frankfurt eraikuntza enpresak negoziazioak abiatu dituzte gaualdean. ABGk ultimatuma eman die, esanez etxea berehala utzi ezean kargu kriminalak aurkeztuko zituela. Ordubete geroago poliziak eraikina hutsarazi du.

Polizia iturriek adierazi dute “jada baketsua ez zen” protestarekin amaitu dutela. Aktibistek, ordea, ekintza guztiak baketsuak izan direla nabarmendu dute.

Jende babesgabearentzako gune autogestionatu bat eratzea zuten helburu

“Project Shelter” ekimenaren intentzioa errefuxiatu, etxegabe eta bestelako kolektibo baztertuei zuzenduriko gune autogestionatu bat eratzea zen. Taldeko kideek nabarmendu dute horrelako leku bat jende babesgabearentzat babesleku ez ezik, egungo baldintzak aldatzeko akuilu ere badela. Etorkin eta errefuxiatuen integrazioa sustatzeko eta egun “nonahi” topa daitezkeen gorrotozko mezuei aurre egiteko hainbat proiektu zituzten aurreikusirik.

Taldeko kide Jakob Dettmarren esanetan, hilabete luzez “konpromezu faltsuak” aditzen egon ondotik, jarrera aktiboa hartu dute. “Jendea bizi den baldintzetan bizita, ezin gintezkeen, eta ezin gaitezke besoak gurutzaturik gelditu”, azaldu du. “Guk okupazioa protesta egiteko zilegizko modu bezala erabili dugu, babesik gabeko jendea defendatzeko asmoarekin”.

Hemen poliziak eraikina hutsarazi duen momentua:

Frankfurt, Germany: Police evicted the new center for refugees...

Frankfurt, Germany: Police evicted the new center for refugees. #1012ffm #shelternow

Posted by International Anti-Fascist Movement on Ostegun, 2015.eko Abenduak 10