Sare sozialetan zabaldutako bideoan ikusten denez, Jacob Blake autora sartzera doan unean tiro egiten dio polizia agente batek bizkarrean, eta gutxienez zazpi tiro entzuten dira. 29 urteko herritarra zainketa intentsiboetan dago eta George Floyden hilketa oraindik gogoan, protestak biderkatu egin dira Wisconsinen.
Igande arratsaldean gertatu zen erasoa eta gauean bertan mobilizazioak izan ziren kaleetan. Lekuko Polizia Departamentuak itxialdia ezarri du astelehen arratsaldetik astearte goizera arte. Gobernadoreak, bestalde, guardia nazionaleko 125 agente atera ditu, protestak kontrolatu asmoz.
Baina neurriak neurri, astelehen gauean protestak izan ziren baita ere, sua eman zioten ibilgailu bati, eta poliziak negar gasa erabili zuen manifestarien aurka.
Jacob Blakeren familiak abokatua aurkitu du dagoeneko, eta honen arabera, Blakeren hiru seme gazteenak autoan zeuden, aitak tiroak jaso zituen unean.
Gertatutakoaren ikerketa gardena eskatu du batek baino gehiagok. Polizia departamentuak jakinarazi duen bakarra da etxeko istilu batengatik deitu zituztelako agertu zirela bertan, baina ez du informazio gehiago eman.