argia.eus
INPRIMATU
Poliziak herritar bat tiroz hil izana salatzeko manifestazioa burutu dute Baionan
  • Berrogeita hamar bat lagun elkartu dira Baionako polizia etxearen aitzinean, polizia indarkerien kontrako mezua plazaratzeko. Astelehen goizean 01:00ak aldera, Lapurdiko hiriburuan poliziak emakume bat tiroz hil izana salatu dute. Baionako epaitegiak jakitera eman duenez, gertakari honi buruzko bi ikerketa judizial abiatu dituzte.

Jenofa Berhokoirigoin @Jenofa_B 2021eko urtarrilaren 12a
Poliziaren hilketa salatzeko elkarretaratzea, Baionan

Polizia bortizkeria gelditu - Stop aux violences policières banderola lehen lerroan jarririk, berrogeita hamar bat herritar batu dira urtarrilaren 11 gauean Baionako polizia-etxearen aitzinean. Egun bereko goizeko lehen orduan Baionako poliziak 37 urteko emakume bat tiroz hil izana salatu dute elkarretaratzearen bidez.

Bertsio ofizialari segi –bertan egondako polizien azalpenetan oinarritua–, auto gidaria poliziak ezarritako kontroletik ihes egiten entseatu zen: "gidariak poliziak iraindu lituzke, bortizki berriz abiatu litzateke, polizien autoa joz", Baionako prokuradoaren azalpenei segi.

Hitzordua Baionako polizia-etxearen aitzinean jarririk, laster manifestazioa abiatu zuten Lapurdiko hiriburuan gaindi, protesta suprefetura aitzinean bukatuz. Hemen Berria hedabideko Oihana Teyseyren txioa:

Antolatzaileek argi utzi dute hilketa hau ez dela puntuala eta isolatua: "Pandemiak azkartu duen krisiak polizia bortizkeria eta kontrolen emendatzea ekarri du".

Bi ikerketa judizial abiaturik

Gertakari honi buruzko bi ikerketa judizial abiatu dituzte. Lehena, "autoritate publikoa duenari obeditzea errefusatu izanagatik, eta hura hiltzen saiatzeagatik", hots, gidariaren jarrera ikertuko dute; eta bigarrena berriz, "borondatezko hilketagatik" edo poliziaren hilketa ikertzeko. Armaren erabilera "legitimoa" izan ote den aztertuko du poliziaren jarduerak ikertzeko ardura duen IGPN egiturak.

Arazoa da, bi ikerketa hauek poliziaren testigantzetan oinarrituko direla, hildakoaren bertsiorik ez ukanki eta gainera, gauean gertaturik, lekukorik ez zelako egon.

Frantziako poliziak 27 hil ditu 2020an

Basta Mag komunikabideak egin kontaketari segi, 2020 urtean 27 lagunei kendu zien bizia Frantziako poliziak. Hauen artean hamaika tiroz hil zituen, eta hau ez da salbuespena: azken lau urteetan 55 ditu Frantziako poliziak tiroz hil. Beste bi itota hil zituen, 2020an tristeki ezagun egin zen Georges Floyd afroamerikarraren gisara.