Giza eskubideen eta askatasunen aldeko bi elkartek auzitara eraman zuten Parisko Polizia Prefetura, konfinamendua kontrolatzeko martxoaren 18tik droneak erabiltzeagatik. Estatu Kontseiluak arrazoia eman die eta droneen erabilera debekatu du, gobernuak horien erabilera arautzen ez duen bitartean.
Poliziak droneak erabili ditu airetik jendeari agintzeko etxera itzul dadin, baita konfinamendua betetzen ari ez direnak grabatzeko ere. Horren aurrean, salaketa jarri zuten Giza Eskubideen aldeko Ligak eta La Quadrature du Netek: droneekin irudiak hartzeari utzi diezaiotela eskatu zuten, baita orain arte hartutako edozein irudi ezabatzeko ere.
Estatu Kontseiluak berretsi du datu pertsonalak babesteko arauen aurkakoa izan daitekeela droneen erabilera, eta beraz debekatu egin dio poliziari horien erabilera, bestela isuna jasoko dutela-eta.
Hala ere, droneen erabilera baimentzeko bi modu eman dizkio Estatu Kontseiluak gobernuari: edo arautu dezala droneen erabilera, Informatikaren eta Askatasunaren Batzorde Nazionalak (CNIL) dioena kontuan hartuz, edo dispositiboren baten bidez ezinezkoa izan dadila droneak grabaturiko pertsonak identifikatzea.