argia.eus
INPRIMATU
Poliziak bost lagun hil ditu tiroz Cambrilsen beste eraso batean
  • Tarragonako Cambrils herri turistikoan auto batek mossoen kontrola gainditu eta hainbat lagun harrapatu ditu. Tiroketa baten ostean bost erasotzaileak hil dituzte.

ARGIA @argia 2017ko abuztuaren 18a

Uda garaian turistaz lepo egoten den Cambrils arrantzale herrian Bartzelonako atentatuarekin lotura izan dezakeen beste eraso larri bat gertatu da ostegun gauean, 1:30ak inguruan.

Auto batek poliziaren kontrol bati muzin egin eta ihesari ekin dio, itsas paseoan sartu eta hainbat lagun harrapatu ostean autoan zihoazen ezezagunak inguruan zegoen jendea zauritzen saiatu dira labanaz, Kataluniako hainbat hedabidek azaldu duenez. Zazpi pertsona zauritu dituzte eta horietako bat ospitalean hil da ondorengo orduetan.

Esquadra Mossoek polizia operazioa abian jarri dute berehala, sare sozialetan abisua igorri dute herritarrei kalera ez ateratzeko eskatuz eta minutu gutxira tiroketa bat izan da pasealeku berean:

Lau erasotzaile momentuan bertan hil dituzte, Generalitateko iturriek ondoren azaldu dutenez lehergailu faltsuak zeramatzaten jarrita gerrikoan. Beste erasotzaile bat atxilotu egin dute, baina hortik gutxira hil egin dela baieztatu du poliziak.

Cambrilseko hotel eta tabernetan jende andana ezkutatu da, asko turistak, eta horietako geihenek hor pasa behar izan dute gaua haien autoetara iristeko aukerarik gabe.

Jadanik hogei izan daitezke azken orduetan Katalunian ustezko jihadistek –Estatu Islamikoak beregain hartu du Bartzelonako triskantza– egindako erasoen ondorioz hildakoak, atentatugileak gehituz gero.

Joaquim Forn Kataluniako Generalitateko Barne kontseilariak esan du lotuta egon daitezkeela ostegun goizetik izandako hainbat gertaera: Alcanar herriko gas leherketa handia –gutxienez hildako bat egon liteke–, Bartzelonako erasoa, Sant Just Desvern-en polizia kontrol batean hildakoa eta Cambrilseko tiroketa.