argia.eus
INPRIMATU
Poliziak Black Lives Matter mugimenduaren protestak zelatatu zituen Twitterrekin harremana duen enpresa baten bidez
  • Erabiltzaileen kokapenen eta jardueren berri jaso dute polizia departamentuek Twitterrekin lotura estua daukan Dataminr enpresari esker.

Mikel Eizagirre 2020ko uztailaren 15a

Twitterrekiko lotura estuak aprobetxatuz, Dataminr adimen artifizialeko startup polemikoak poliziari lagundu zion George Floyden hilketaren ondoren herrialdea hankaz gora jarri zuten protestak digitalki monitorizatzen. Sare sozialetako azken kokapenen nahiz manifestarien ekintzak biltzen zituzten argitalpenen berri ematen zien, The Intercept hedabideak jaso duenez.

Twitter eta Dataminr enpresek aurretik esandakoarekin kontraesanean dago erabiltzaileen jarraipen hori. 2016tik auzi polemikoa da sare sozial honentzat, The Wall Street Journal egunkariak egindako ikerketa batek frogatu zuelako sare sozialaren datuak AEBetako herritarrak jarraitzeko erabili zirela.

Twitterrek duela gutxira arte dirua inbertitzen zuen Dataminr-en, baita CIAk ere, eta inteligentiza artifizialeko konpainiak Twitterreko erabiltzaile guztiek publiko egiten zituzten txioetara sarbidea zeukan. Hori pribilegio arraroa da teknologia-enpresen artean.

Hala ere, bai Twitterrek, bai Dataminr-ek ukatu egin dute Black Lives Matter mugimenduarekin lotutako protesten monitorizazioak “espioitzaren” definizioan sartzen direnik.

Dataminr

Izenak dioen bezala, informazio meatzaritzan dihardu Dataminr enpresak. Mundu osoko informazio-agentziei, korporazioei eta gobernuei laguntzen die gertakarien jarraipena egiten, datuak gizakiaz gaindiko abiaduran aztertuz. Horretarako baldintza bakarra informazioa sare sozialetan, eta oro har, webguneren batean argitaratuta egotea da.

Pertsonen eta softwarearen adimena konbinatzen ditu, munduko krisiei buruz informazioa igorri, eta informazioa erosten duenak merkatuan inteligentzia abantaila izan dezan. Egiten duen iragazki-lana, gainera, bezeroaren beharretara egokitzen da. Beraz, Dataminr-en zerbitzua ez da berdina azken orduko albisteen berri emateko erabiltzen duen egunkari batentzat lanean ari bada, bankuentzat informazioa biltzen badu ala FBIren agendari erantzun behar badio. Guztiek amankomunean dutena zera da: afera guzti horiei erantzuteko berebiziko eraginkortasuna duela.

Gezurretan

The Intercept-ek aztertutako elkarrizketetan, erregistro publikoen eskaeretan eta konpainiaren dokumentuak oinarri hartuta, egiaztatu egin du Dataminr erakundeak, funtsean, AEBetako polizia-erakundeen zaintza-lanetan laguntzen jarraitzen duela.

Konpainiak Black Lives Matter protesta-zikloan sare sozialen monitorizazio iraunkorra egin zuen eta poliziari jakinarazi zizkion protestetako lekuak eta jarduerak, manifestazio espezifikoen barruko garapenak, arpilatze kasuak eta jabetza pribatuari egindako bestelako kalteak.

Dataminr-en protesta-monitoretzaren berri duten iturrien arabera, konpainiak eta Twitterrek "gezurra" esan dute zelatatze-lan horiek ukatu dituztenean. Definizio mugatu batean oinarritzen dira horretarako, izan ere, "egia da Dataminr ez dela manifestari eta aktibista zehatzen bila ari, baina poliziaren eskariz protestak bilatzen ari dira, eta, beraz, manifestariak", azaldu du iturri horrek.