argia.eus
INPRIMATU
Espainiako poliziaren unitate sekretua politikari kataluniar independentisten usainean
  • Espainiako Poliziako unitate sekretua Kataluniako politikari independentisten inguruko informazioa arakatzen ari da 2012az geroztik, ustelkeria zantzuak aurkitu eta independentzia helburu duen ekimen politikoa indargabetzeko, Eldiario.es agerkariak plazaratu duenez.

ARGIA @argia 2014ko abenduaren 01
Unitate bereziko polizia batzuk kontrol judizialetik at ari direla plazaratu du Eldiario.es-ek.

Pedro Agueda kazetariaren hitzetan, unitate berezi hori bi egituratan banatzen da: Barne Arazoetarako unitatea batetik, beste polizia batzuen jokabidea ikertu beharko lukeena; eta Planifikazio Estrategiko eta Koordinazio unitatea bestetik, Poliziako zuzendari nagusi Ignacio Cosidok sortua 2012an, eta kontrol judizialetik kanpo ari dena.

Kopuru zehatzik ematerik ez dagoen arren, kazetariak dio Planifikazio eta Koordinazio unitateko 30 bat agente daudela unitate sekretuan, eta Barne Arazoetarako departamenduko beste talde bat, "kalean lan egiten duena".

Eskuratutako datuak, epaitegietan eta delitu finantzarioak ikertzen dituen UDEF polizia unitatearen bitartez "zuritzen" dira. Informazioaren beste parte bat hedabideetara filtratzen da mugimendu subiranistarentzat esanguratsuak diren datetan.