Asteartean eta asteazkenean NBEren Terrorismoaren Biktimei buruzko Nazioarteko Konferentzia egingo da Gasteizko Europa Jauregian. Bertan izango dira, besteren artean, Felipe VI.a Espainiako erregea, Kanpo Arazoetako ministro José Manuel Albares eta Barne ministro Fernando Grande-Marlaska.
Hezkuntza prebentziorako, bakea eraikitzeko eta terrorismoaren biktimak ahalduntzeko tresna gisa lelopean egingo da Konferentzia, eta bilduko dituen 300 lagunen artean euskal ordezkariak ere izango dira, EAEko lehendakari Imanol Pradales eta Gasteizko alkate Maider Etxeberria, esaterako. Nazio Batuen Erakundeak, Espainiako Gobernuak eta Gasteizko Udalak antolatu dute, helburuetako bat izanik "mundu osoko terrorismoaren biktimei elkartasuna erakustea, erlijioa, nazionalitatea edo etnia edozein izanik ere". Felipe VI.ak, Albaresek eta Grande-Marlaskak asteartean parte hartuko dute.
Konferentziak irauten duen bitartean polizia ugarik kontrolatuko dituzte Europa jauregia eta inguruko kaleak. Hainbat errepide autoentzat itxita egongo dira, baita oinezkoentzako bide batzuk ere.
Bigarrenez egingo da NBEren terrorismoaren biktimen mundu mailako biltzarra; lehenbizikoa 2022an egin zen New Yorken (AEB). Nazio Batuetako estatu kideetako ordezkariak, nazioarteko erakundeetakoak, terrorismoaren biktimak eta adituak bilduko ditu, "biktimei babesa, erreparazioa eta memoria emateko politiketan aurrera egiten jarraitzeko". Konferentzia hau "urrats erabakigarria" izango da terrorismoaren biktimen "eskubideak errespetatuak eta haien memoria babestuak" izango direla bermatzeko, antolatzaileen hitzetan.
Hizpide izango diren gaien artean Erresilientzia-ahotsak: Terrorismoaren biktimak bakearen defendatzaile eta hezitzaile gisa deitua dago. Biktimak aldaketa-eragile eta bakearen defendatzaile nola bihur daitezkeen eztabaidatuko dute parte hartzaileek. "Terrorismoaren biktimek funtsezko zeregina dute bakea eraikitzeko, beren esperientziak partekatu eta gizarte-kohesioa sustatzen dutelako", azaldu dute antolatzaileek. Gobernu eta erakundeen papera, hezkuntza-estrategiak eta sentsibilizazio-kanpainak, eta biktimak oroitzeko politika publikoak ere jorratuko dira.