argia.eus
INPRIMATU
Polizia sindikatuek kargu hartu arren, kontrol arrazistak salatzen jarraituko dutela adierazi du SOS Arrazakeriak
  • “Kontrol polizial arrazistak salatzeagatik hainbat sindikatu polizialek kargu hartu” dieten arren, egoera salatzen eta poliziak “zer egin behar ez duen” esaten jarraituko dutela adierazi dute Nafarroako SOS Arrazakeriako kideek, “zelataria kontrolatzen”.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2021eko otsailaren 16a

“Poliziaren ekintzak defendatu ordez, arrazakeriatik libre diren espazioetan bizi ahal izateak gehiago kezkatzen gaituen egunean hasiko gara gizarte justuagoa eraikitzen. Ordurarte, zelataria kontrolatzeko eta oinarrizko eskubideak defendatzeko dugun betebeharrarekin segituko dugu”, azaldu du elkarteak sare sozialetan.

SOSek nabarmendu du informazioa kontrastatzen dutela, poliziak zer egin behar duen baino gehiago zer egin behar ez duen esaten dutela eta Espainiako Estatuan poliziak duen jokabide arrazista Nazio Batuen Erakundeak berak kritikatu duela.

Gogoratu dute, halaber, poliziak duen arduraz gain agintari politiko eta judizialak ere arduragabeki ari direla jokatzen, justizia egiteko daudelako eta ez dutelako halakorik egiten: “Ekintza polizialen inguruko salaketak ikertzen ez dituzten epaileak, polizien gaineko kontrol eta aginteari muzin egin dioten politikariak, horiek dira poliziaren identifikazio diskriminatzaileen, gehiegikarien eta tratu txarren benetako arduradunak”.

Sare sozialetan mezu hori zabaldu eta erantzun egin dio Jusapol sindikatu polizialak Nafarroako SOS Arrazakeriari: “Barregarri geratzen ari zarete”. Iritzi publikoaren aurrean Espainiako Poliziaren irudiari kalte egin nahi izatea egotzi dio Jusapolek SOSi.