argia.eus
INPRIMATU
“Polizia muntaia” salatzeko kaleak hartu ditu Altsasuk
  • "Guardia Zibilaren eta komunikabideen muntaia politiko-mediatikoa" salatu dute 2.000 lagun inguruk, Guardia Zibilari eraso egitea leporatuta herriko bi gazte atxilotu, eta polemika piztu ostean.

Euskalerria irratia @fm983irratia Ahotsa.info @ahotsainfo 2016ko urriaren 24a
Protesta manifestazioa iragan larunbatean egin zen Altsasun. (Argazkia: Irantzu Pastor)

Alde hemendik, utzi bakean, Telebista, manipulazioa, Zuek faxistak zarete terroristak eta Torturatzaileak kanpora oihukatu zuten larunbatean Altsasun bildutako 2.000 herritarrek, iragan asteburuan bi gazte Guardia Zibilari eraso egitea egotzita atxilo hartu, eta herritarrek "muntaia politiko-mediatikoa" izan dela salatu ostean.

Guardia Zibilaren presentziarekin igaro zituen kaleak Utzi bakean! lelopean antolaturiko manifestazioak. Hasi bezain pronto, "probokazioetan ez erortzeko" aholkatu zieten antolatzaileek manifestariei, eta ezbeharrik gabe garatu zen mobilizazioa, Guardia Zibilaren ibilgailu batek protesta geratzeko imintzioa egin bazuen ere.

Ibilbidea amaituta, "zirku mediatiko politiko poliziala" gaitzetsi zuen komunikatua irakurri zuen ordezkariak: "Bi gazte atxilotu, Altsasu militarki okupatu, eta herria iraindu dute hedabide gehienek. Dena dela, bertsio ofiziala desmuntatu dugu".

Nafarroako Gobernuari kritika

Nafarroako Gobernuari "epelkeriaz" jokatzea leporatu diote, izan ere, aintzat hartu du bertsio ofiziala, "beste inorekin hitz egin gabe, eta ikerketarik egin gabe".

 

(Albistea hau Euskalerria Irratiak argitaratu du eta bideoa Ahotsa.info-rena da, CC by-sa lizentzia baliatu dugu biak ARGIAra ekartzeko.)