Mahsa Amini 22 urteko emakume kurdua Teheranen atxilotu zuten pasa den asteartean, ustez hiyab-a "behar bezala jantzita ez eramateagatik". Komisaldegira eraman zuten eta handik ospitalera eraman zuten koma egoeran. Bertan hil zen. Protesta eta atxilotu ugari izan dira asteburuan. Asteburuan greba orokorra deitu dute Ekialdeko Kurdistanen.
Bertsio ofizialaren arabera, bihotzekoak jota hil zen Amini. Familiak ordea ez du bertsio hori sinesten. Bere aitak azaldu du alabak ez zeukala inolako osasun arazorik, eta epilepsiaz eta beste gaixotasun batzuez mintzo direnak gezurrean ari direla. Areago, Aminiren anaiak adierazi du arrebaren aurpegia puzturik zegoela, eta hankak mailatuak zituela, ANF berri agentzia kurduak jaso duenez.
Larunbatean egin zen Aminiren hileta, Aychi hirian, Ekialdeko Kurdistanen (Iranen menpeko Kurdistanen). Protesta moduan emakume ugarik haien beloak kendu zituzten; liskarrak izan ziren poliziarekin, eta hainbat lagun zauritu eta atxilotu zituzten. Aychin bezala, beste leku batzuetan ere izan dira protestak, Teheraneko unibertsitatean esaterako.
Rudaw berri agentzia kurduak zabaldutako informazioaren arabera, protestetan hamahiru lagun atxilotu eta 38 zauritu ditu Poliziak.
Emakume batzuek, bestalde, haien ilea moztu eta hiyabak erre dituzte, sare sozialetan zabaldutako bideoetan ikus daitekeenez.
Iranian women show their anger by cutting their hair and burning their hijab to protest against the killing of #Mahsa_Amini by hijab police.
From the age of 7 if we don’t cover our hair we won’t be able to go to school or get a job. We are fed up with this gender apartheid regime pic.twitter.com/nqNSYL8dUb
— Masih Alinejad ?? (@AlinejadMasih) September 18, 2022
Irango presidente Ebrahim Raisi-k doluminak adierazi dizkie Aminiren senideei telefonoz, eta adierazi die gertatutakoa ikertuko dutela, Irango hedabide publikoak zabaldu duenez.