Polizia agenteek nortasun faltsuen pean gizarte-mugimenduetan egindako infiltrazioak Espainiako Konstituzio Auzitegira iritsiko dira. Irídia-Centre per la Defensa dels Drets Humans erakundeak, infiltrazio horiek kaltetutakoen Acció Contra l 'Espionatge d' Estat kolektiboarekin batera, babes-errekurtsoa jarri du, salatzeko ez dela ikerketarik egin Bartzelonako espazio politiko eta sozialetan infiltratutako poliziek eragindako oinarrizko eskubideen urraketa larrien inguruan.
D.H.P. polizia infiltratuaren jardunak kaltetutako sei emakumeren abokatuek aurkeztu dute babes-errekurtsoa, justiziak hirutan –Fiskaltzak, Bartzelonako 21. instrukzio-epaitegiak eta Bartzelonako Probintzia Auzitegiak– ukatu duelako eskubide-urraketa ikertzea. Irídia zentroak salatu duenez, ebazpen juridiko horiek "ez dute betetzen tortura eta beste tratu anker edo iraingarri batzuk erabat debekatzeko betebeharra, giza eskubideen nazioarteko estandarrek zehazten duten bezala". Gaineratu du "arriskuan" jartzen duela "giza eskubideen babes eraginkorra", eta praktika horien erantzule diren "agintarien inpunitatea" sendotzen duela. Dioenez, epaitegiak eta Auzitegiak bere egin dute Fiskaltzaren diskurtsoa, zeinak argudiatu duen kasua ikertzeak "Estatuaren segurtasuna arriskuan" jar lezakeela: "Gure oinarrizko eskubideak baino, ustezko segurtasun afera bat lehenesten da".
D.H.P. poliziaren jarduna Directa agerkariak azaleratu du. Kaltetutakoen abokatuek adierazi dutenez, haren ekintzek –baita Directa-k eta El Salto-k publikatutako beste infiltratuenek ere– kaltetutakoen "duintasun, sexu askatasun eta parte-hartze politikoaren gainean eragin larria dute, eta gizarte mugimenduak kriminalizatzen dituzte". Poliziek, harreman sexu-afektiboen bidez, konfiantza-markoa sortzen zuten militanteekin, eta horri esker haien eta hainbat kolektiboren gaineko informazioa lortu. Gainera, Barne Ministerioak "antolatu eta agindutako, edo, gutxienez, hark babestutako" metodo poliziala dela diote abokatuek.
Infiltrats dokumentalaren estreinaldia
Testuinguru horretan, Infiltrats dokumentala estreinatu da, 3Cat-ek Directa eta Polar Star Films-en kolaborazioarekin ekoiztu duena. Herrialde Katalanetako gizarte mugimenduetan infiltratutako lau Polizia Nazional nola deskubritu zituzten kontatzen du, baita hainbat pertsona eta kolektiborengan izan zuen eragina, gertatutakoa ikertzeko borondate politikorik eza eta operazio hauen zilegitasunaz eztabaidatzeko beharra azaleratu ere.
3Cat telebista kateko 30 Minuts saioan emititu dute dokumentala. Hemen ikus daiteke osorik: Infiltrats.
Dokumental horretan jaso dute, hain justu, oihartzun handia izan duen M.I.T. poliziaren kasuari lotutako pasarte deigarri bat. Irudietan ikus daitekeen moduan, Oscar Campos aktibistak, hiru urtez polizia infiltratuaren bikotekide izandakoak, hari deitzen dio telefonoz, esateko deskubritu egin dutela. Poliziak, deia amaitu ordez, hizketan jarraitzen du Camposekin. Elkarrizketa osoa Directa-k jaso zuen 2023an, eta haren parte bat da dokumentalean jasoa dagoena.
"Infiltratu baten aitorpenak eta operazioetako akatsek gobernuaren opakotasuna zartatu dute", dio agerkari katalanak elkarrizketaren bueltan plazaratutako erreportajearen goiburuak.
ARGIAk 3Cat-ek sare sozialetara igo duen pasartea euskaratu du: