Harreman sexu-afektiboak bilatu zituen zenbait andrerekin Espainiako polizia infiltratu batek Katalunian, besteak beste, inguru militanteetara sarbidea errazteko, Directa hedabideak jakitera eman duenez. Horietako bostek salaketa jarri dute epaitegian; sexu abusuak, osotasun moralaren aurkako delituak, eskubide zibilen urraketak eta sekretuak ezagutaraztea leporatzen dizkiote, besteren artean.
Astelehenean argitaratu du Kataluniako Directa hedabideak Daniel Hernández Pons Espainiako polizia infiltratuaren kasua, hiru urtez Kataluniako gizarte mugimenduetan sator lanak egin zituenarena. Gizon harekin harreman sexu-afektiboak izan zituzten zenbait emakumeren hitzak bildu ditu Directak, eta ziurtatzen dute ez zuketeela inoiz harremanik izango, jakin izan balute polizia zela.
Asteartean jakinarazi dute kereila kriminala ezarritu dutela bost emakumek, Bartzelonako guardiako epaitegian. Euren oinarrizko eskubideak urratu dituela salatu dute, eta Irídia giza eskubideen defentsarako elkartearen eta CGT sindikatuaren bidez jarri dute kereila. Delitu ugari leporatzen dizkiete, bai polizia infiltratuari, bai haren nagusiari, bai Espainiako Barne Ministerioari.
Hala nola sexu abusuak, osotasun moralaren aurkakoak, eskubide zibilen urraketak, eta euren sekretuak eta identitateak ezagutarazteagatik jarri dute salaketa epaitegian. Argi dio kereilak: “Muga etikoak gainditzen ditu, eta emakume haien oinarrizko gunearen eta euren sexu autonomiaren aurka egiten du eraso”.
Salaketa jarri duen emakume baten abokatu Laia Serrak ohartarazi du Espainiako Estatuak “sexualizatutako indarkeria instituzionala” erabili duela, eta Mireia Salazar abokatuak gehitu du emakumeak “instrumentalizatu” dituztela, haien gorputzak eta sexu harremanak erabili dituztelako espazio politikoetako informazioa lortzeko.
Neurri judizialak eskatu dituzte, eta, infiltratutako poliziaz gain, haren nagusia eta Espainiako Polizia Nazionalaren orduko arduradun nagusia ere galdekatzeko exijitu dute. Gainera, kereilan zehaztu dute jakin nahi dutela Poliziari zein epaitegik eman zion baimena agente horren identitate ezkutua sortzeko, zein helbururekin, baita zein ikerketaren testuinguruan eta infiltrazioa zer luzerako denbora tartez onartu zuen ere. Argitzeko eskatu dute ea aurreikusia zegoen harreman sexu-afektiboak edukiko zituela aktibistekin, eta ea Poliziaren Informaziorako Komisaldegi Orokorra jakinaren gainean zegoen.
Irakurri kasuari lotutako albiste gehiago:
Espainiako Poliziaren infiltratu bat Gasteizko Errekaleor auzoan ere ibili zen
Infiltrazio estrategia: harreman sexu-afektiboak bilatzea ekintzaileekin