argia.eus
INPRIMATU
Zortzigarren polizia infiltratua: bi urte pasatu ditu Madrilgo hainbat mugimendu sozialetan
  • "Juancar" izenaren pean infiltratuta egon da Carlos P.M. agentea Madrilgo hainbat mugimendutan. 2020an sartu zen Espainiako Polizian, hain justu ere infiltrazio kasu gehiagoren jatorrian dagoen zentro berean egon ondoren. El Salto-k argitaratu du informazioa.

Gorka Peñagarikano Goikoetxea 2024ko maiatzaren 14a

Malagan (Andaluzia) jaiotako gazte bat zen Juancar, Madrilera joandakoa Lanbide Heziketako aire girotuaren mantenuko gradu bat ikastera. Bere osabak utzitako pisu batean hartu zuen bizileku, Moratalaz auzoan, erdigunetik kanpo. Andaluziakoa izanik, inor ez omen zuen ezagutzen Madrilen, baina berak esaten zuen kitzikatzen ziola hiriburura joateak eta mugimendu sozialek indarra duten auzoetan integratzeak.

Istorio hori kontatu zien auzoko mugimendu sozialetako militanteei. Baina gezurra zen. Carlos P.M. zuen izena eta 2020ko ekainean lizentziatu zen Espainiako Poliziaren XXXIV promozioan, Madrildik ipar ekialdera dagoen Ávilako eskolan, zeinean polizia bat baino gehiago prestatu dituzten mugimendu sozialetan infiltratzeko –argitara eman den zortzigarren infiltrazio kasua da honakoa–.

Integrazioa mugimenduetan

Ingurugiro politizatu horrekin lehen kontaktua 2020ko azaroan egin zuen Juancarrek, Vallecas auzoko La Fábrika gimnasioan, arte martzialak entrenatzen zituela. Entrenamenduko kidetako bat zen Distrito 14 mugimenduko militante bat. Hari esker, urtea amaitu aurretik asanblada batera gerturatu zen, "interes bizia" erakusten baitzuen Juancarrek talde horretan murgiltzeko, "ezinegon politikoengatik".

Integratu zen mugimendu sozialetako zenbait militanterekin hitz egin du El Salto-k, eta esaten dute "lotsati tankera" zeukala, inorekin gatazkarik ez zuela sortu eta jendeari ondo erortzeko faboreak egiten zituela. "Beti zegoen prest lanerako", kontatzen du kide batek.

Koartada elikatzeaz arduratu zen. Mantenu arloko formakuntza amaitu eta enpresa batean lanean hasi zela zioen, eta enpresako furgonetaren argazkiak igo zituen Juancarren Instagram kontura. Baina El Salto-rekin hitz egin duten militanteen esanetan, "arraroa" egiten zitzaien zenbaitetan lanaldiak ez baldintzatzea militantziarako denbora eta prestutasuna; edozein egunetan eta edozein ordutan zerbait egin behar bazen, prest zegoela esaten zuen. Gerora, Carlos P.M.-ren Instagram kontua topatu dute berarekin mugimendu sozialetan zeuden kideek.

Susmoa piztu zien beste kontua izan zen bere etxera zenbait bidoi urez betetzera joan ziren eguneko gertakaria. Izan ere, CPK La Bankarrotan egiten zituzten bilkurak, eraikin okupatutik kaleratu zituzten arte; orduan eraman zituen mugimenduko kideak etxera, ur bila. Berez, ordurako, berak kontatzen zuenez, urtebete baino gehiago bazeraman bertan bizitzen, baina uraren grifoa zabaldu eta ura marroi kolorekoa irten omen zen, denbora dezente ireki gabe balego bezala.

Sergio eta Lucía: inguruan infiltratutako beste bi agente

2023ko irailean, El Salto-k eta Directa-k elkarlanean egindako ikerketari esker jakin zen Sergio G.A. polizia infiltratuak sei urte pasatu zituela Madrilgo hainbat mugimendutan infiltratuta, Carlos P.M.-ren auzo berean, hain justu.

Distrito 14ko militante batek honela esan dio El Salto-ri: "Sergio G.A-k seguruenik Juancarri bidea irekitzeko ardura eduki du, gida moduan lagundu dio, eta seguru hainbat asanblada eta ekintzetan kointziditu dutela; ekintzetan, ziur".

Sergioren kasuak alarmak piztu zituen Distrito 14 kolektiboan. Beste polizia infiltraturik egon zitekeelakoan, segurtasuna indartzea erabaki zuen Distrito 14 mugimenduak. Lucíaren infiltrazioa ezagutarazi zen joan den apirilean –Errepresioaren Aurkako Mugimenduan barneratu zen Lucía, Sergiorekin batera, eta hiru urte eman zituen bertan–, eta behin hori jakinda, egun batetik bestera Madrildik desagertu zen Carlos. Ez dute ezer jakin berari buruz. Handik alde egin eta gutxira aurkitu zuten Carlos P.M.ren Instagram kontu pertsonala.

Zortzigarren kasua, momentuz

2022ko ekainetik hona, Directa-k eta El Salto-k argitara atera duten polizia infiltratuen zortzigarren kasua da honakoa.

Lehena, Kataluniako independentismoan eta etxebizitzaren mugimenduan atzeman zuen La Directa-k. 2023ko urtarriletik aurrera, erreskadan etorri dira: urtarrilean Bartzelonako mugimendu sozialetan eta Gasteizko Errekaleor auzoan ere ibili zen poliziaren kasua egin zuten publiko, otsailean Valentziako aktibismoko satorrarena, martxoan Madrilgoa, uztailean Gironan, eta artikuluan aipatutako Sergio G.A eta Lucía, seigarrena eta zazpigarrena.