Directa hedabidearen ikerketa batek ondorioztatu du 2018. eta 2020. urteen artean murgildu zela Kataluniako Palestinaren aldeko eta ezker independentistaren mugimenduetan, "Belén Hammad" izenaren pean. Nortasun agiri faltsu batekin Kataluniako Gobernuak finantzatutako programa batean sartu zen eta kontu korronte bat ireki zuen banku batean.
TV3 kateak urtarrilean emititu zuen "Infiltrats" dokumentala, azken urteetan La Directa hedabideak Kataluniako herri mugimenduetan murgildu diren bederatzi polizia infiltratuen kasuekin eginikoa. Orduan hasi ziren kezkatzen Endavant antolakunde independentistaren kide batzuk: lau urte lehenago antolakundea "familia arrazoiengatik" utzi zuen emakume baten kasua aztertzeko jarri ziren kontaktuan Directa-rekin, eta honek asteazkenean baieztatu du polizia infiltratua zela.
Belén Hammad Gómez izenaren pean, 2018ko urrian hurbildu zen lehen aldiz Kataluniako Palestinaren aldeko mugimendura, 26 urte zituenean: Kataluniako Komunitate Palestinarra erakundeak antolaturiko hitzaldi batera joan zen, eta bertan Natàlia Abu-Sharar erakunde horretako buruarekin harremana eraikitzen hasi zen. Geroztik, eta 2020ko abenduan Madrilera lekualdatu zenera arte "familia arrazoiak eta arrazoi pertsonalak" argudiatuta, Bartzelonako Nou Barris auzoko Casal Popular 3 Voltes Rebel taldean eta Endavant ezkerreko antolakunde independentistan murgilduta egon zen.
La Directa-k jakinarazi duenez, 2022ko ekainetik 2023ko uztailera bitartean argitara ateratako beste bederatzi agente infiltratuen aurretik graduatu zen polizia gisa, 2018ko ekainean, Avilako Polizia Eskolaren 32. promozioan. 2022ko ekainaren 7an Kataluniako hedabideak Marc Hernàndez Pons agente infiltratuaren berri eman zuenean, hilabetez elkarrekin harremanik ez eduki ondoren Endavanteko militante bati mezu bat bidali zion, "zer moduz" zegoen galdetuz.
Madrilen jaioa, murgildu zen taldeetako militanteei bere familiaren eta Kataluniara lekualdatzeko arrazoien inguruko kontakizun faltsu bat egiten zien: bere ama Espainiako hiriburukoa zela, baina aita Gazakoa. Bartzelonara "lan arrazoiengatik" mugitu zela azaltzen zuen, saltzaile gisa lan bat bilatu zuela eta L 'Hospitalet de Llobregat hirian pisu bat bilatu zuela alokairuan.
Nortasun agiri faltsu batekin egindako mugimenduak
Bartzelonako herri mugimenduekin zuen harremana handitzea eta Casal Popular 3 Voltes Rebel taldean murgiltzea ekintza jakin bati esker lortu zuen: Komunitate Palestinarreko kide gisa, eta nortasun agiri faltsu batez baliatuta, 2019ko otsailean Kataluniako Gobernuak finantzatuta Novact erakundeak antolatu zuen "Rizoma" programan parte hartu zuen, "muturreko indarkeria saihesteko" formazioetan oinarrituta.
Triodos Bank bankuan kontu korronte bat sortu zuen nortasun agiri faltsu horrekin, eta bertatik transferentziak egiten zituen. Areto futboleko emakumezkoen talde batera ere afiliatu zen identitate faltsu horren pean, hain zuzen, Joan Miró Kirol Zentroan egoitza duen Pony's FS taldera.