argia.eus
INPRIMATU
Polizia grabatzea legez kanpokoa izango da, operazioa “arriskuan” jarriz gero
  • Poliziaren irudiak “asmo txarrez” hartzea soilik zigortuko du Espainiak, Barne Ministerioaren arabera. Herritarren segurtasunerako lege proiektua aurkeztu ondoren, grabatzea 600.000 eurorekin zigor zezaketeela zabaldu zen hedabideetan.

Saioa Alkaiza Guallar @SaioaAlkaiza 2013ko azaroaren 21
Herritarrek ateratako argazkia. Espainiako polizia azaltzen da, etxebizitzaren aldeko protesta batean gazte bat jipoitzen.

Estatuko Segurtasun idazkari Francisco Martinezek harrotutako urak baretu nahi izan ditu xehetasunak ematen. Izan ere, gizarte eragileak kexu azaldu dira giza mugimenduak erreprimitzeko neurria denaren ustean. Sare sozialetan #Leyanti15M izendatu dute –besteak beste, eskratxeak eta baimenik gabeko elkarretaratzeak debekatuko ditu–.

Cope irratiari egindako adierazpenetan, Martinezek esan du segurtasun indarretako kideak filmatzea bera ez dutela zigortuko, baina, nabarmendu duenez, polizia operazioaren “arrakasta” ezbaian jartzea bai. Hori delitua izango da.

Aitzitik, ez du argitu nola erabakiko duten argazki edo bideo batek operatibo bat “arriskuan” jartzen duen edo ez. Era berea, ez du esan nola neurtuko duten intentzio “txarrez” eta “erasokorrez” grabatu den.

Espainiako abokatuen hainbat elkartek ez dute lege-zirriborroa begi onez ikusi. Diotenez, behin isuna jarrita, neurriak ez du jasotzen zigorra zilegia izan den edo ez aztertzeko prozesu judiziala abian paratzea. Haien aburuz, horrek zaildu egingo du bidezkoak ez diren isunak kentzea.

Lege proiektua ostiralean helaraziko diote Ministro Kontseiluari. Martinezek, baina, legea onartzeko “bide luzea” geratzen dela dio.

Zer zigortu nahi du Espainiak lege berriaren bidez?

"Larri" eta "oso larri" bezala klasifikatu eta delituen zerrenda egin du Espainiako Barne Ministerioak. 

Delitu "oso larriak" (30.001 eta 600.000 euro arteko isuna)

-Poliziak grabatzea lanean direnean, baldin eta haien “ohorea” edo “segurtasuna” urratzen bada-

-Ikuskizun politikoetan, erlijiosoetan eta publikoetan “liskarrak” sortzea.

-Instituzioen aurrean baimenik gabeko elkarretaratzeak egitea.

-Eskratxeak egitea.

Delitu "larriak" (1.001 eta 30.000 euro arteko isuna)

-“Desordena publikoa” eragitea aurpegia estalita.

-Segurtasun indarretako kideak “iraintzea”.

-Prostituzioan aritzea parke eta eskoletatik gertu, edo “bideetako segurtasuna oztopatzen den txokoetan”. –Prostitutak eta bezeroak zigortuko dituzte–.

-Kalean jende multzo handitan edatea.

-Markesinetan, zaborrontzietan edo kontainerretan kalteak sortzea.

-Barrikadak egitea.

-Eraikin publikoetako paretak eskalatzea protesta gisa.