COVID-19 iritsi baino lehenagoko kontua da. Greba luze baten ondoren, polizia-etxeetako eta epaitegietako garbitzaileek lanaren arriskuagatik eta toxikotasunagatik plusa jasotzea aldarrikatu zuten, baita hitzarmenean jasotzea lortu ere. Ordea, enpresek ez diete halakorik ordaintzen.
2018ko irailean hasi ziren. 283 greba egun egin zituzten. Kale garbitzen aritzen ziren garbitzaileekiko (ia denak gizonak) soldata arrakala gainditzea eskatzen zuten. Eta lortu zuten. Sinatutako hitzarmenarekin pozik ziren epaitegiak eta polizia-etxeak garbitzen dituzten garbitzaileak (ia denak emakumeak). Gaur da eguna ordea, soldata igoeran eragina izango lukeen arriskuagatiko eta toxikotasunagatiko gehigarria ez dutela kobratzen.
Lanaren arriskua erakusten duen egoera betean daude. Garbitzaileek ez dakite epaitegietatik eta polizia-etxeetatik koronabirusak kutsatutako pertsonak pasatzen diren ala ez. Zenbait alditan, zahar egoitzetako eta osasun zentroetako langileak bezala, babeserako trajerik gabe aritu dira lanean. Langile horiek gogorarazi dute kale garbitzaile gizonezkoak koronabirusa dela-eta desinfekzio lanetan gogor ari diren moduan, emakumeak ere halaxe ari direla epaitegi eta polizia-etxeetan, baina gehigarririk kobratu gabe.
Hala adierazi dute soldata arrakala gainditzeko 283 eguneko greba egin zuten garbitzaileek: “Borrokan jarraituko dugu, konkistatutako eremu guztietan bizi dugun egoera salatuko dugu. Helburu bat daukagu: ikusezinak izateari uztea”.
Greba garaian Nekane Zabala Hernaniko polizia-etxearen garbitzaileak haien egoera eta aldarrikapenak kontatu zituen Donostiako Kaxilda liburu-dendan Argiak antolatutako solasaldian. Hemen dituzue bere hitzak Estitxu Eizagirreren blogean jasoak eta beste honetan Eneritz Arzallusek egindako bideoa.
ELA sindikatuak testak eskatu ditu garbitzaileentzat
Sindikatuak salatu duenez, Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak testak egiten dizkie bere langileei, eta aldiz garbiketako langile azpikontratatuak eta zerbitzu laguntzaileetako langileak ez ditu kontuan hartzen. Maiatzaren 8an Segurtasun Sailak iragarri zuen Ertzaintzako kide guztiei COVID-19 detektatzeko test serologikoak egingo zizkietela.