Atxilotuek polizia-etxean egindako deklarazioak ez dira frogatzat hartuko epailearen aurrean errepikatuak ez diren kasuetan. Espainiako Auzitegi Goreneko Zigor Aretoak erabaki du Konstituzio Auzitegiak orain arte erabilitako irizpidea bere egitea.
Orain arteko arauak bazituen zirrikituak eta galdeketa egin zuten poliziek epaiketan deklarazioa berresten zuten kasuetan, deklarazioa frogatzat har zitekeen.
Puntu hau da Auzitegi Gorenak oraingoan baztertu duena, Konstituzionalaren doktrina jarraituz. Aurrerantzean, informaziora bestelako datu objektiboetatik iritsi litekeen kasuetan soilik hartuko dute kontuan deklarazioen froga.
Etxarte Salvador abokatuak Info7 irratian egindako elkarrizketan salatu duenez, jende asko dago preso torturapean sinatutako autoinkulpazio frogetan soilik oinarritako kondenekin. Azken hilabeteko 7 gazteen atxiloketei erreferentzia eginez, Salvadorrek adierazi du “kartzeletan modu ilegalean” dauzkatela gazteok, eta hauek aske uzteko eskaera egin dutela beraien abokatuek. Gaurko prentsaurrekoa deitu dute egoera hau salatzeko.
Bestalde, Salvadorrek azaldu du torturaren aurka “aurrerapauso” bat izan arren, praktikara nola eramaten den ikusteke dagoela oraindik. Salatu du arauak hutsuneak ere badituela, inkomunikazio aldian epailearen aurrean egindako deklarazioak ez baititu kontuan hartzen.