argia.eus
INPRIMATU
ANALISIA
Polizia, etika, estetika

Zigor Olabarria Oleaga @zoleaga1 2021eko martxoaren 15
Irudia: eitb.eus.

“Etikarik gabeko mundu ustel honetan, pertsona sentiberoi geratzen zaigun gauza bakarra da estetika” (“En un mundo podrido y sin ética, a la gente con sensibilidad sólo nos queda la estética”). Makinavajak botatako esaldia izan dut bueltaka asteotan, Rodríguez Galindoren heriotzarekin hasi eta Intxaurrondoko audioarekin segi.

Makinavajak torturatzaile bat hil berri du, eta esaldi horrekin azaltzen du bere ekintza. Komikiaren hasieran, Makinavaja polizia etxean dago atxilo. Bat-batean anarkista bat sartzen dute kolpeka, eta kolpeka jarraitzen dute galdetegia “eskua joan” eta zerraldo geratzen zaien arte. Polizia-buruak aske uzten du dena ikusi duen Maki, bere isiltasunaren truke. Behin kalean, Makik klub bateraino jarraitzen du polizia, agurtu, eta bertan tirokatzen du. “Eskutik joan” zitzaien Mikel Zabalzarekin batera atxilotu zuten Ion Arretxe 1985ean. Behin Intxaurrondoko zoru etikoan, kaputxa kendu zion norbaitek, inpunitateak ematen duen harrotasunarekin aurpegia erakutsiz. Galindo zen. “Barrabiletatik heldu eta bihurritu egin zizkidan (...) ‘Ez dezagun denborarik galdu eta hasi hitz egiten mutil… bestela, lehertu arte bihurrituko dizkizut barrabilak’”.

Ez dut uste Ivá komikigilea horretan oinarritu zenik institutu garaian eta inpunitate osoz lehenik El Jueves aldizkarian irakurri eta ondoren La2-en Makinavaja el ultimo choriso telesailean ikusi nuen etika eta estetikaren inguruko istorio hori harilkatzeko, Galindo 35 urte geroago hil baita bere ohean. Segurua dena da bere orduko sentsibilitate artistikoak espetxera eramango lukeela egun. Galde diezaiotela zerrendako azken(aurreko) Pablo Haséli bestela.

Polizia ereduaren inguruko eztabaida piztu da gurean garai berdinean, su txiki askok lagunduta: Polizien biolentzia gazte, grebalari, tabernari edo pertsona arrazializatuen aurka; Ertzaintzaren lan eskaintzaren promozio mediatiko erraldoia eta horren aurkako ekimenak; istilu txikiak Hasélen espetxeratzea salatzeko; ESAN polizia sindikatuaren salaketa Ernairen aurka; Gasteizko EAJ-PSE gobernuarena All Pitufos are Bastard kartelaren egileen aurka... Eta batez ere Arnaldo Otegiren adierazpenak, ziurtatuz –testuinguru horren erdian– ezker abertzaleko kideak ertzain izateko azterketetara aurkezten ari direla –egun errealitate ez den hori bihar bai izateari ateak ireki nahian?–.

Polizia ereduaren eztabaida piztu da, baina ez Poliziarena. Poliziarekin patriarkatuarekin edo kapitalismoarekin bezala gertatzen baitzaigu: hain ditugu hezur-muinetaraino sartuak, ezinezkoa zaigula haiek gabeko mundu bat irudikatzea ere. Ezberdintasun handi batekin: gure utopia patriarkaturik eta kapitalismorik gabea dela aldarrikatzeko arazorik ez dugu; ez da berdina gertatzen Poliziarekin. Gatazkak punitibismo, militarismo edo delegazionismorik gabe kudeatzeko dugun ezintasunaren isla.

Berrusteltze prozesuan dagoen etikarik gabeko mundu ustel honetan, pertsona sentiberei geratzen zaigun bakarra... etika da. Bestelako mundu bat amesten jarraituko duen etika. Besteak beste Poliziarik gabea, torturatzailea izan zein ez.