argia.eus
INPRIMATU
Poliziaren infiltrazioak justifikatu zituen Marlaskaren ministerioak abuztuko dokumentu batean
  • Ser kateak jaso duen abuztuko dokumentu batean, Espainiako Barne Ministerioak "zilegi eta beharrezko" ikusten du polizia agenteak infiltratzea mugimendu sozialetan, "independentismoaren arriskuak geldiarazteko". 

Lide Iraola 2023ko otsailaren 03a
Poliziaren infiltrazioak zilegizkotzat jo zituen Marlaskaren Ministerioak abuztuko dokumentu batean.

Aste honetan jakinarazi du La Directa hedabideak herri mugimenduetan infiltratutako beste polizia baten berri: Daniel Hernàndez Ponsek hiru urte eman zituen Bartzelonako mugimendu sozialetan murgildurik poliziarentzako informazioa lortzeko asmoz. Horretarako harreman sexu-afektiboak bilatu zituen ekintzaileekin.

Kasu hori eta haren gisakoak justifikatzen ditu Espainiako Barne Ministerioak, "mugimendu independentistak eragin ditzaken arriskuak gelditzeko beste metodorik ez dagoela". Ser kateak ostegunean eman du adierazpenok jasotzen dituen dokumentu ofizialaren berri.

Fernando Grande Marlaskaren ministerioaren arabera "zilegizkoa eta egokia" da polizia agentea ordezko nortasunarekin infiltratzea. Mugimendu independentistak "ahalik eta eragile gehienen kolaborazioa bilatzen du", eta horrela lortu denek "Kataluniaren legez kanpoko independentziaren alde ekintza biolentoak egitea", argudiatzen dute.

La Directa-k iazko ekainean eman zuen Bartzelonako beste infiltrazio kasu baten berri. Orduan elkarrizketatutako ekintzaileek azaldu zuten polizia agenteak ordezko identitatea zuela, eta NAN faltsu hori Barne Ministerioak edota CNI Espainiako Inteligentzia Zentroak soilik eman dezaketela. 

Ostegunean argitara emandako dokumentua 2022ko abuztuaren 10ekoa da. Barne Ministerioak jarduera sistemikoa dela iragartzen du: "Halako infiltrazioak denbora luzeko kontua izaten dira, iraunkorrak. Inteligentzia Zerbitzurako beharrezko informazioa ematen dute, eta hori ezin da beti bide tradizionaletatik lortu", adierazten du.