Legealdi honetan bigarren aldiz onartu dute eskuin muturraren eta polizia-indarren biktimak aitortzeko legea, aurrekoa Espainiako Konstituzio Auzitegiak baliogabetu egin baitzuen. Oraingo legeak izaera administratiboa izango du eta epai judizialak kontuan edukiko ditu.
Poliziak eta talde parapolizialek edo ultraeskuindarrek eragindako motibazio politikoko indakeriaren biktimak babesteko legea onartu du Nafarroako Parlamentuak, Gero Bai, EH Bildu, Ahal Dugu-Orain Bai eta Ezkerraren aldeko botoekin. UPNk eta PPk kontrako botoa eman dute eta PSN abstenitu egin da. Hala, 2015ean onartutako aurreko legea ordezkatuko du honek, auzitegi konstituzionalak 2018ko uztailean bertan behera utzi baitzuen, kasuak ikertzeko legez kontrako komisio bat sortuko zela argudiatuz.
Lege berri honi izaera administratiboa eman diote eta auzitegietatik etor daitezkeen erabakiak ez dituela ordezkatuko nabarmendu dute, berriz ere Konstituzionalak inpugnatua izan gabe indarrean sar dadin.
Aldaketa horrek eztabaida franko sortu du, baita legea bultzatu duten alderdien artean ere. Joan den astean legearen testua parlamentuko batzordetik igaro zenean EH Bilduko parlamentari Bakartxo Ruizek "legea edukiz hustu" nahi zela salatu zuen; osteguneko saioan ere sentsazio gazi-gozoa erakutsi du, "autozentsura" egon delako bere ustez. Laura Pérez Orain Baiko parlamentariak iritzi bera azaldu du eta PSNren emendakinen ondorioz legeari muga asko jarri zaizkiola esan du.
Deigarria izan da PSNren jarrera, 2015eko legea babestu zuen, baina Konstituzionalaren galbahea pasatzeko diseinaturiko beste honen aurrean emendakinak jarri eta azkenean abstenitu egin da. UPNk eta PPk ez diote ibilbiderik ikusi legeari: "Edo derogatua edo baliogabetua izango da", esan du PPko Ana Beltranek.
Legea onartu ondoren, Geroa Baiko bozeramaile Koldo Martinezek garbi utzi nahi izan du helburua ez dela "biktima batzuk besteen aurrean jartzea". Baina bere ustez, egoerak ezberdinak izan arren "sufrimendua bera da". Ezkerraren ustez legeak balioko du erreparaziorako urratsak emateko, orain arte biktima horiek "biktmarioen inpunitatea" baizik ez baitute aurkitu.