argia.eus
INPRIMATU
Politikari-sindikalista kasposoak
Karlos Gorrindo Etxeandia @kgorrindo 2014ko abuztuaren 26a

“Politika beste era batera egin daiteke, modu parte hartzaileago, solidarioago eta horizontalean arituta. Ustelduta dagoena zaharberritzen hasi beharko dugu, demokrazia bera, alegia”, esan zuen Laura Mintegik  politikaren trastetegian muturra sartzeko beste ausardia izan zuenean.

Eta antza, politikariek beren beregi ezarritako sistemak irentsi eta idazle-irakaslearen asmo onak ezerezean utzi ditu. Ezin da aparatuaren aurka egin edo, beste era batera esanda, aparatuaren aginduetara makurtu ezean, jai duzu! Horizontala barik, bertikala da politika, solidarioa barik, egoista, eta parte hartzaile barik, esklusibista eta esklusiboa.

Inozoa ni, Laura bezala, aro berri baten aurrean geundela erdi sinetsita egoteagatik! Banengoen ba ni, ezin dela sitsek jandako egur ustelez ezein mahai eraberriturik egin. Laura Mintegik hauxe nahi zuen: ideia politiko endekatua sutara bota, eta bertatik, ave fenix-aren antzera sortu behar zirela pertsona eta ideologo berriak politika egiteko era aldatuko zutena.

Inposible! Politika politikariek egiten dutelako eta ideiak izatez ederrak izan badaitezke ere, pertsonak ukitzen duen guztia usteldu egiten du, kakaztu, ideia onak praktikara daramatzan animalia ustelkorra da eta. Ezin, hortaz, sagarrondoari ezkurrik eskatu. Nago ni, dena den, boterea dela orbantzen duena gehien asmo onen araztasuna. Boterea hain ei da erotikoa, liluratzailea, atxikitzailea, ezen psikiatria karreran ikasgai izan beharko luketen, eta ikasi pertsonon izaera, portaera, jarrera eta aiurria eraldatzeko botereak duen gaitasuna zelan ematen den. Denik eta drogarik gogorrena ei da, menpekotasun handiena sortzen duena, eta harritzekoa da zelan ez diren suizidio kolektibo multzoak ematen behin boterea lagata. Agian, berriro ere agintea lortuko duten usteak eta nahiak ez diete etsitzen lagatzen, eta kalbario gogorra igarotzea merezi die, bihar-etzi aginte makila eskuan atzera izateko aukera izango dutenez gero.

Zer uste zuen Laurak ba? Gu diferente ginela? Ez ginela pertsonak eta bai, ostera estratosferatik etorritako izaki makulagabeak munduko (alderdi-herri) arazoak konponduko genituenak? Arazo eta konponezin dena gu geu gara, pertsonok.  

Eta politikari bezainbeste aplikatu ahal zaio kontua sindikalgintzari. Demokraziak ematen dizkien pribilejioak baliatzen dituzte botereari eusteko (sindikalari) legezkoak direlakoan (liberazioak igerilekura edo Parisa joateko lanean daudelakoan; ordu sindikal justifika ezinak eskiatzera joateko…). Legezkoak ei dira, baina inmoralak ere bai, etika, estetika eta gainontzeko “tik” guztien kontrakoa, obszenoa eta okaztagarria herritar xehearen ikuspuntutik.

Kasta-kasposo-leprosoak dira agintean daudenak (ekonomiko, politiko, erlijioso, sindikal…), kutsatzaile eta kutsagarriak, metastasiatzen dutena ukitzen duten oro.

Zu ez zaituzte makulatu, Laura, eta duintasuna erakutsi duzu indignoa den saretik ospa egitean. Pertsona izatea aukeratu duzu. Eta ez harraparia.