“Politikaldia Nazio Estrategian” jardunaldiak egingo dira abenduaren 13tik 15era bitartean, Orreaga elkarteak UEUren laguntzarekin antolatuta. “Menderakuntza arazo estrukturalei aterabidea ekar diezaiokeen errealismo politikoaren ardatzak herritarrei helarazteko asmoz” egingo dira Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean.
Orreaga elkartearen ustez politikak duen garrantziaz ohartuta antolatu dituzte jardunaldiak. Zientzia politikoen arauak gizarteari erakustea ezinbestekotzat jotzen dute.
Hiru eguneko jardunaldiak izango dira eta egunak gaika antolatu dituzte. Abenduaren 13an arratsaldeko seietan emango zaio hasiera, Olatz Zugazti musikariaren aurkezpenarekin.
“Politikaren Oinarrizko Kontzeptuak” izenburupean arituko dira lehen egunean. “Indar harremanetan dago oinarrituta politika, identitateen arteko indar harremanetan. Identitate horiek herriak dira. Ezinbestekoa da jakitea zein herrirekin identifikatzen garen, jakiteko zein jokotan sartu eta zeinetan ez”, diote antolatzaileek. Besteak beste Unibertsitateko ikasle eta irakasleek hartuko dute parte, tartean, Jesus Arregi EHUko irakaslea, Mikel Erauskin ekonomilaria eta Ane Ablanedo NUPeko eta UEUko irakaslea.
Abenduaren 14an “Burujabetasunetik” izango da goiburua. Kontzeptu dinamikoa da burujabetza antolatzaileen ustez, “herriek eguneroko ekintza guztietan mantendu eta erabili beharrekoa”. Orreaga elkartearen esanetan “herri psikologian erraietaraino barneratuta” dagoen gutxiagotasun konplexua gainditu beharra dago. Besteak beste Pako Aristi idazleak eta Eneko Bidegain idazle, kazetari eta irakaslea arituko dira gaiaren inguruan hizketan.
Jardunaldien azken egunean, abenduak 15, “Estatuaren Berrezarpena” goiburuarekin arituko dira. “Euskal herriak inoiz ez dio uko egin bere nazio izaerari, ezta orain hamabi mende eraiki zuen eta bortzaz kendu zioten estatuari ere”, azaldu dute. Estaturik gabeko herriak erakundeak indargabeturik dituela azaldu nahi dute eta horrek harreman politikoen jokoan deus egin gabe geratzea dakarrela. Hizlarien artean Asisko Urmeneta irudigilea eta Naroa Anabitarte EHUko irakaslea egongo dira.
Honakoa da jardunaldien egutegia: