argia.eus
INPRIMATU
Politika fiskaletan genero-diskriminazioari amaiera ematea eskatu du Europako Parlamentuak
  • Zerga-ordainketa banakakoa izatea eta emakumeen higienerako produktuen BEZa kentzea proposatu dute eurodiputatuek.

IƱigo Igartua @igartua19 2019ko urtarrilaren 18a
Emakumeen higienerako produktuak. Argazkia: @eldiarioes

Europako Parlamentuak proposamen ez-lotesle bat onartu du, genero desberdintasuna amaitu eta gizonen eta emakumeen arteko aberastasuna modu orekatuagoan banatzeko helburuarekin.

Legebiltzarkideen iritziz, politika fiskaletan genero ikuspegirik ez izateak, enpleguan, pentsioetan eta aberastasunean desberdintasunak areagotzen ditu. Emakumeak lan-merkatuan sartu eta gelditzeko sustapenean oztopoak jartzen dituela eta estereotipo heteropatriarkalak iraunarazten laguntzen duela ere aipatu dute.

Catalunya en Comú/Verdes alderdiko diputatu Ernest Urtasunek adierazi duenez, “ezin dugu minutu bat gehiago egon fiskalitatearen arloan inolako genero-ikuspegirik gabe”.

“Legealdi oso lotsatia izan dugu berdintasun arloan, baina proposamen honek anbizio handikoa izan behar duen genero-berdintasunerako agenda batean oinarriturik erasora joateko aukera ematen du”, gaineratu du Urtasunek.