argia.eus
INPRIMATU
Politika aldaketarik ez bada, mobilizazio orokorra iragarri du udazkenerako pentsiodunen mugimenduak
  • Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan manifestazioak egin dituzte larunbatez Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak deituta. Antolatzaileen arabera, 18.000 lagun atera dira kalera. Pentsio publikoak, duinak eta bidezkoak eskatu dituzte, beste behin.

ARGIA @argia 2021eko maiatzaren 31
Bilboko manifestazioa. Argazkia: Ecuador Etxea.

Pentsiodunen mugimenduak salatu du hiru urte daramatzatela mobilizazioak egiten eta gaur arte lortutakoak galtzeko arriskuan daudela. Haien ustez, Toledoko Itunak eta Espainiako kongresuko bozketak agerian utzi dute pentsio sistema publikoa bideragarria dela, baina hala ere, pentsioak murrizten dituzten erreformak ari direla egiten eta murrizketa berriak egiteko ateak irekitzen ari direla. Lan eta pentsio erreforma indargabetu gabe igarotzen den egun bakoitzeko prekarietatea, desberdintasuna eta pobrezia areagotzen direla adierazi dute.

Mobilizazioetan pentsiodunen hainbat elkartek parte hartzeaz gain, sindikatuak (ELA, LAB, ESK, Steilas, Etxalde, Hiru, CNT eta CGT), zahar egoitzetako senideen elkarteak eta gazteak ere izan ziren. Antolatzaileek pentsioak, enplegua eta bizi baldintza duinak defendatzen dituzten erakunde sozial eta sindikalei babesa eskaini zieten.

Mobilizazioak Espainiako Estatuan ere egin ziren, besteak beste, Galizian, Katalunian, Andaluzian eta Valentzian.

Agintariei ondokoa eskatu diete: egindako promesak betetzea, pentsio publikoen gaineko mehatxuak kentzea, eta behar diren erabakiak hartzea pentsiodunen mugimenduaren eskari zuzen eta premiazkoak egia bihur daitezen.

Pentsio politikak aldatzen ez badituzte ohartarazi dute udazkenean erakunde sozial eta sindikalekin batera mobilizazio orokorra antolatuko dutela.

Donostiako manifestazioa. Argazkia: Ekinklik.org.
Gasteizko manifestazioa. Argazkia: Hala Bedi.