argia.eus
INPRIMATU
‘Politeismo bastarta’: lau egun Angela Davisekin eta Jule Goikoetxearen pentsamenduetan
  • Susa argitaletxearekin kaleratu du Goikoetxeak liburu berria: Politeismo bastarta. Nobela gisa kalifikatu arren, kronika gozo eta bizia da, irakurlea Goikoetxearen pentsamenduetan barneratuko duena. Donostiako San Jeronimo kaleko sotoan egin du aurkezpena, hamarnaka lagunen aurrean, astearte eguerdian, mezaren orduan.

Gorka Peñagarikano Goikoetxea 2024ko azaroaren 13a
Leire Lopez editorea eta Jule Goikoetxea egilea Susa

Aurtengo maiatzaren 24tik 27ra, Fira Literal liburu erradikalen azoka egin zen Bartzelonan (Herrialde Katalanak). Hamargarren edizioa zuen, eta antolatzaileek apustua egin eta mundu mailako lau filosofo ezagun gonbidatu zituzten; tartean, Angela Davis.

“Ni bere bizkartzaina izan nintzen”, esan du Jule Goikoetxeak liburuaren aurkezpen ekitaldian. Baina bizkartzain literala, ez metaforikoa. Horixe zen Goikoetxearen zeregina: Davis hara eta hona mugiarazi, ibilbidea konplitzen lagundu, bidelagun izan, gida, eta itzultzaile ere bai. Ordutegiak zorrotz betetzeko eskatu zion Davisen idazkari Cassandrak: “Ez argazkirik, ez sinadurarik, ezta adostu gabeko ekitaldirik ere”. Kontakizuna une horretantxe abiatzen da, Goikoetxea kategoria altuko hoteleko gelan dagoenean, Bartzelonan, Davisekin elkartu zain.

“Nabarmendu nahiko nuke liburu hau ez dela lau egun pintoresko Angela Davisekin”, esan du Leire Lopez Ziluaga Susako editoreak, “ezta lau egun gogoangarri pertsona famatu batekin ere”. Izan ere, Politeismo bastarta liburuan irakurriko dena zera da, buru jakin batetik pasatzen diren edo pasa daitezkeen pentsamenduen “destilatze” bat, editorearen esanetan. Gertakari asko eta gehientsuenak errealak, baina ez denak, antza, liburuaren hastapenak ohartarazten duenez: “Egitate erreal eta irrealetan oinarritua, merkatu askea eta kontratu soziala bezala”. Imajinazioak zeharkatutako pentsamenduak dira zenbaitzuk.

Estilo aldetik, beraz, konplexua den generoa da. Susa argitaletxeak nobela gisa aurkeztu du liburua, azpimarra eginda ez dela inola ere erraza sailkapenik egitea, liburuaren izaerari berari atxikia delako. Lan honek, ordea, traza handia du kronikatik. Horixe baita, azkenerako, kronikagilearen zeregina, bizitakoaren berri bertatik bertara ematea, barrenetatik igarota eta mastekatuta. Burmuinean sakontze ariketa gisa planteatzen da liburua, lehen pertsonan idatzia.

Politika eta feminismoa

Angela Davisekin partekatzen dituen egunak aitzakia bat zaizkio Goikoetxeari politikaz eta feminismoaz pentsatzeko, patriarkatuak, kapitalismoak eta kolonialismoak egunerokotasuna nola baldintzatzen duten aztertzeko. Hori argi ikusten da, esaterako, Davisekin lehen egunean elkartzear denean, ileko kakoekin duen pasarte arantzatsu honetan: “Ondo lotu, ez ikaratzeko. Argi gera dadila, ez dut inoiz diskriminaziorik jasan nire ileagatik. Nire azala zuria delako. Irain batzuk bai, baina misoginia ziren. Gehiegikeria ez dago ondo ikusia emakumezkoa zarela uste badute. (...) Jule, zentratu. Lau minutu ditut hallera jaisteko. Bost kako jarri ditut azkenean. Gehiegikeria oro da antifemeninoa. Eta gauza bera gertatzen da ilearekin, ile liso, ordenatu eta orraztuarekiko maitasuna menderakuntza eta segurtasunarekiko maitasuna da. Ilepolitika”.

Goikoetxeak berak nabarmendu duenez, laugarren olatu feministatik idatzia izan den lana da Politeismo bastarta, XX. mendeko ahots periferikoak, “kosmobisio bastartak”, erdigunera ekartzen ari diren aldikoa.

Lau egun, lau kapitulu

Davis eta Goikoetxea ez dira protagonista bakarrak. Ahotsa hartuko dute Sarah Ahmed eta Vandana Shiva idazle, filosofo eta ikerlari feminista entzutetsuek ere, haiek ere egon baitziren Bartzelonako literatur kongresuan, eta kointziditu zuten Davisekin. Horrez gain, Davisek eta Goikoetxeak ostatu hartzen zuten luxuzko hoteleko garbitzaileak ere ageriko dira, eta taberna-zuloetan nahiz Kataluniako Generalitateko goi-agintariak ere bai, Davisekin elkartu baitziren arratsalde batez. Azkenik, pertsonaia horietatik abiatuta, Goikoetxearen irudimenak sortutako jainkosak, Buladak eta giza holobionteak ere azalduko dira, umorez eta bizitasunez.

Kapitulu bakoitza egun bat da. Hotelean abiatuko da lehenbizikoa, Davisekin elkartu aurretiko uneetan, zeinetan jainkosak eta kontra-jainkosak ere agertuko diren; eta, behin Davisekin elkartuta, badituzte elkarrizketak eta hitzaldiak emateko. Bigarren kapituluan, Shivaren hitzaldiak hartuko du erdigunea, eta berarekin afaltzera geratuko dira; elkarrizketa horren zatitxoa ez ezik, gerora taxian Davisekin izandako solasa kontatuko zaigu, Gaudi zenaren bueltakoa. Hirugarrena elkarrizketaz josia izango da, Pompeu Fabra unibertsitatean egongo baitira goizean, bazkaltzen gero, segidan hotelera bideko taxia, deskantsu unea eta Generalitatera bisita; hor, Kataluniako eta Euskal Herriko egoera politikoaz galdetuko dio Davisek Goikoetxeari. Eta, azkenik, laugarren kapituluan, hoteleko langileek hartuko dute protagonismoa.