argia.eus
INPRIMATU
Polio txertaketa igandean hasiko da Gazan
  • Igandean hasiko dira polio txertaketa egiteko su-etenak, goizeko 6:00etan hasi eta 15:00ak arte. Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) eman du operazioaren berri eta bederatzi egunetan hiru esparrutan emango da: iparraldean, zentroan eta hegoaldean.

ARGIA @argia 2024ko abuztuaren 30a
NBEk aspaldi ohartarazi zuen polio arriskuaz Gazan.

Rik Peeperkorn da OMEko ordezkaria Palestinako lurralde okupatuetan eta haren esanetan, borroken etenaldi hori ez da txertaketa kanpaina bideratzeko egoerarik egokiena, baina aldeek esandakoa betetzen badute, kanpaina aurrera eraman ahal izango dela baieztatu du.

Gazako Osasun Ministerioak abuztuaren 16an aurkitu zuen lehen polio kasua, 10 hilabeteko ume batean, Gazako erdialdean. Duela 25 urte ez dutela horrelako kasurik izan Gazan. Txertaketa kanpaina hegoaldetik hasiko da eta iparrean bukatu, eta bideratzeko OMEk 392 postu tinko jarriko ditu Gazan barrena. Horiez gain, beste 300 postu mugikorrak izango dira, mugikortasun arazoak dituzten familiei arreta emateko. Kasu guztietan, lau astera bigarren txerto bat emango da. Eremu bakoitzak hiru egun izango ditu kanpaina amaitzeko eta eguneko sei ordu. Israelgo armadak jakinarazi du, laugarren egunen bat behar badute, horretarako aukera eskainiko duela.

Hamas ere pozik agertu da txertaketarekin eta adierazi du bere aldetik berau ondo bideratu dadin lagunduko duela. Gazako Osasun Ministerioak baietsi du 1,2 milioi txerto eskuratu dituztela. Horrekin 10 urtetik beherako 640.000 haur txertatzeko asmoa dute. Kanpainan OME, Unicef eta UNRWAko langileak arituko dira. Israelgo armadak jakinarazi duenez, dagoeneko jarri die polio txertoa Gazan ari diren soldadu guztiei.

Bitartean, Israelgo armadak 30 erasotik gora egin ditu Gazan azken 24 orduetan eta dozenaka hildako utzi ditu. Dagoeneko Israelek 40.700 gora hildako eragin ditu Gazan urriaren 7az geroztik zuzeneko erasoetan eta kalkulatzen da 10.000 pertsonatik gora eraikinetako hondakinen azpian daudela.