argia.eus
INPRIMATU
Polioa topatu dute Gazako uretan eta epidemia zabaltzeko arrisku handia dago
  • Palestinar errefuxiatuen kanpalekuen ondoko ur zikinetan Poliomielitis birusaren kontzentrazio altuak topatu dituzte. UNICEFek ohartarazi du “hondamendia” gertatzeko aukera asko daudela.

Jon Hidalgo GereƱu 2024ko uztailaren 24a
Egun Gazako gehiengo handia lekualdatzera behartua izan da, eta errefuxiatu zelaietan pilatuta ari dira bizirauten ehunka mila palestinar. Irudia: Al Jazeera

Gazako Osasun Ministerioak eta UNICEFek, NBEren haurrentzako agentziak, polioa aurkitu dute biztanleria dentsitate ikaragarria duen Gazako Zerrendan. Milaka palestinar daude paralisia sortu dezakeen gaixotasunaz kutsatzeko arriskuan. Errefuxiatuak dendetan bizi diren kanpalekuetako ur zikinetan topatu dute birusa. Inongo kanalizaziorik gabe, “kutsatutako ura kanpalekuko denden artean dabil”, ingurua kutsatzeko arriskuan, ministerioaren arabera.

Israelgo armadak epidemia zabaltzeko baldintzak sortu ditu Gazako genozidioarekin. Ur garbia lortzeko aukera gehienak suntsitu dituzte, ur zikinen hustubideak ere bai, eta oso urria da edateko ura lortzeko aukera. Gainera, ospitale guztiak suntsituta edo jarduera oso murriztuta daukate, sionisten erasoen ondorioz. Gaza eta Deir el-Balah hirietako agintariek, Gaza erdialdean, aurreikusi dute “kaleak hondakin urez beteta” egongo direla eta “gaixotasuna zabaldu” egingo dela, ezin izan baitute martxan mantendu ur zikinak ebakuatzeko sistemarik, ez ur araztegirik ere.

“Tik-tak egiten ari den bonba” da polioa Gazan, Tanya Haj-Hassan pediatrak Al Jazeerari esan dionez. Hedabideak jaso duenez, Deir el-Balah hirira soilik 700.000 pertsona heldu dira azken asteetan, Israelgo aire erasoengandik babesteko. Armada sionistak “ur putzuak, garbiketarako eta hondakinen kudeaketarako guneak” suntsitu ditu eta garbitasunerako oinarrizko produktuak sartzea oztopatzen ari da: “Gaixotasuna zabaltzeko baldintza perfektuak” sortu dituzte, hedabideak jaso duenez.

Ezinezkoa da polioaz babesteko neurriak hartzea Gazan. Berez, kutsatutako pertsonek isolatuta behar lukete; beste inork erabiltzen ez duen komuna erabili behar lukete, eta medikuen arta egokia jaso

Ezinezkoa da polioaz babesteko neurriak hartzea Gazan. Berez, kutsatutako pertsonek isolatuta behar lukete; beste inork erabiltzen ez duen komuna erabili behar lukete, eta medikuen arta egokia jaso. Egun Gazako gehiengo handia lekualdatzera behartua izan da, eta errefuxiatu zelaietan pilatuta ari dira bizirauten ehunka mila palestinar. Polioaren aurkako txertoa jaso ez duten milaka haur daude, eta helduek ere txerto osagarri bat beharko lukete egoera honetan, Haj-Hassan pediatraren esanetan. “Katastrofikoa” izan daitekeela ohartarazi du.

Soldadu sionistak txertatu ditu Israelek

Israelgo armada hasi da jadanik bere soldaduei polioaren aurkako txertoa jartzen, Haaretz hedabide israeldarrak jakinarazi duenez. Armadako bozeramaileek esan dute ez dagoela polio kasu aktiborik Gazako biztanleen artean, baina haiek ez daukate harremanik Gazako Osasun Ministerioarekin. Soldadu israeldar gehienek jasoa dute haurtzaroan ematen den txertoa, baina “prebentzio neurri gisa” beste dosi bat ematen hasi dira, Israelgo Osasun ministroak azaldu duenez.

Iturri ugarik salatu dute Israelen genozidioaren planean sartzen zela Gazan gaixotasunak bultzatzea, bizitza ezinezko egiteko kanpainaren baitan

Iturri ugarik salatu dute Israelen genozidioaren planean sartzen zela Gazan gaixotasunak bultzatzea, bizitza ezinezko egiteko kanpainaren baitan. Azaroan, adibidez, Israelgo agintari militar ohi batek publikoki aldarrikatu zuen epidemia bat sortzea Gazan, Israeli garaipena lortzen lagunduko ziolakoan.

Uztaila hasieran The Lancet zientzialari taldeak egindako ikerketa batean ondorioztatu zen Gazan ia 200.000 pertsona hil zitezkeela Israelen erasoen ondorioz, zuzenean indarrez hildakoez gain zeharka hildakoak zenbatuta. Epidemiak zabaltzeko arriskua aipatu zuten arrazoi nagusietako bat bezala.