argia.eus
INPRIMATU
Poligono fotovoltaikoen aurkako ibilaldia egingo dute Garesetik Eunateko Andramarira
  • Nafarroako Erreniega Salba Dezagun eta Mendigorria Salba Dezagun elkarteek deitu dute datorren larunbatean –uztailak 3– egingo den ibilaldia. Garesetik Muruzabalera joko dute eta Eunateko Andramarin bukatu. 

Xabier Letona Biteri @xletona 2021eko uztailaren 01a
Iberdrolak Badajozen iaz eraikitako Nuñez de Balboa parke fotovoltaikoa, Europako handiena. Arg.: The Luxonomiist

Erreniega mendilerroaren hegoaldera eraiki nahi dituzten poligono eolikoen aurka antolatzen den lehen martxa da. Garesko plazatik aterako da 9:00etan eta topagune nagusia izango den Muruzabaleko plazara ailegatuko da 10:30ean. Handik Eunateko Andramarira abiatuko dira eta 11:30ean bertan izango direla aurreikusi dute. Ondoren Inguratu nahi gaituzte performancea egingo dute.

Erreniegakoen elkartearen webgunean bertaratzeko deia egiten diete herritarrei eta egingo den performancera parte hartzera: “Performance ikusgarria burutzeko ekar ezazu zure eguzki plaka. Tetrabrik birziklatuekin edota kartoi eta zilarrezko paperarekin eraiki dezakezu metro 1 x 80 zentimetrotako neurrian. Ekarri etxean dituzun banderola eta zapiak eta anima zaitez, plakarekin edo gabe, gure lurraldeak defendatzera eta goiz atsegin bat pasatzera”.

Salva Dezagun Erreniega elkartekoek Te contaré (Kontatuko dizut) izeneko abesti hau ere kaleratu dute, herritarrak poligonoen aurka borrokatzera deituz:

 

Ekimen ugari egiten ari dira plataformakoak, bai kalean bai instituzioetan ere. Bideo interesgarri honetan, esate batera, ikus daiteke plataformakoek eta EHNE eta UAGN sindikatuetako kideek Nafarroako Legebiltzarrean egindako agerraldia. Bertan Adios herrian egin nahi duten poligono eolikoaren aurkako argudioak azaldu zituzten.

 

 

 

Adios herrian ereingarriak diren lurren %95 eguzki plakaz beteko da, Solariaren poligono eolikoa eraikitzea onartzen bada. (Argazkia: X. Letona)