argia.eus
INPRIMATU
Poivre d'Arvor Frantziako kazetariak salaketa jarri du 16 emakumeren aurka
  • Guztira 26 emakumek salaketa jarri zuten Patrick Poivre d'Arvor (PPDA) kazetari eta telebista aurkezlearen aurka, sexu jazarpena egotzita, eta horietako hamaseiren aurka kontrasalaketa jarri du PPDAk, laidozko salaketa leporatuta.

2022ko apirilaren 29a

Salaketa olatua jaso du azken urteetan Patrick Poivre d'Arvor Frantziako kazetari eta telebista aurkezle ezagunak. Guztira 26 emakumek salatu zuten kazetaria, sexu-biolentziaren inguruko delituak egotzita, baina gehiago dira PPDA kazetariak erasotu dituela dioten emakumeak. 60 emakume inguruk adierazi dute PPDAk eraso egin diela, eta horietako 40k publikoki adierazi dute.

PPDAk, baina, salaketa jarri duten emakume batzuen aurka egin du, eta kontrasalaketak jarri ditu hamasei emakumeren aurka, laidozko salaketa egotzita. Hamasei horien artean dago Nora Arbelbide Berriako kazetaria. Telebista aurkezlearen aurka salaketa jarri zuen Arbelbidek iaz, 2003. urteko gertakarien harira, baina atzera bota zuten, delitua preskribatua baitzegoen; PPDAren aurkako salaketa askoren kasua izan da hau. 

Nahiz eta Arbelbidek oraindik ez duen jakinarazpen ofizialik jaso, prentsaren bidez jakin du telebista aurkezleak kontrasalaketa jarri duen emakumeetako bat dela.

Berriak Arbelbideren hitzak jaso ditu, eta haren esanetan, PPDAren salaketa "misoginiaz beteta" dago: "Fama beharrean garela eta gu berataz maiteminduta ginela dio salaketan. Bete-betean harrapatzen ditu bortxaketaren kulturaren gako guztiak: guri botatzen digu errua, eta hura da seduktore boteretsua".