Bilbon, Donostian eta Iruñean Poesiaren Nazioarteko Eguna ospatzeko egitarau oparoak antolatu dituzte. Errezitaldi, solasaldi eta ikuskizunak gozatzeko aukera egongo da aste honetan zehar.
Poesiaren Nazioarteko Eguna izan zen atzo, martxoaren 21a. Urtero hamaika ekitaldi antolatu ohi dira aitzakia horren bueltan, literatura oro har eta poesia bereziki paperetik ahotsera eraman eta ikusgarriago egiteko. Osasun larrialdi egoerak mugatuta bada ere, poesiaren eta literaturaren inguruko egitarau oparoak antolatu dira aurten ere Bilbon, Donostian eta Iruñean, besteak beste. Atzo dagoeneko zenbait ekitaldi egin bazituzten ere aste honetan zehar beste hainbat gozatzeko aukera egongo da.
Bilbo
Hilaren 15ean abiatu zen Bilbao Poesia jaialdia, eta aste honetan amaituko da. Leire Bilbao, Itziar Minguez, Beatriz Chivite eta Julia Pierak “Bilbao – Londres” errezitaldia eskainiko dute gaur Bidebarrieta Liburutegian, 19:00etan.
Bihar, martxoak 23, “Gaztelondo zer berri. Etxahun” kabaret formako ikuskizunaz gozatzeko aukera egongo da. Dominika Rekalt, Mixel Etxekopar, Pierre Vissler eta Jean Christian Galtxetaburu arituko dira taula gainean, Pierre Topet Etxahunen bizitza eta obra hitzez eta kantuz emanez. Loraldia festibalaren baitan egingo da emanaldia, Bidebarrieta Liburutegian, 19:00etan.
Asteazkenean, martxoaren 24an, amaituko da Bilbao Poesia jaialdia, José Fernandez de la Sotaren errezitaldiarekin. Joé Luis Canal pianistak lagunduko du pianoan. Bidebarrieta Liburutegian izango da hitzordua, 19:00etan.
Aste honetan amaituko da Loraldia jaialdia Bilbon, eta bihar hasiko da Gutun Zuria letren nazioarteko jaialdia, Anariren eta Iñigo Astizen arteko “Inon izatekotan” solasaldiarekin.
Donostia
Gaur hasiko da Poesialdia Donostiako Poesiaren Astea, eta ostiralera bitartean askotariko saioak egingo dituzte. Astea hasteko Itxaro Borda bere poesiagintzaz arituko da Iratxe Retolazarekin, eta zenbait poema errezitatuko ditu. 19:00etan izango da, Ernest Lluch Kultur Etxeko areto nagusian. Aurrez izena eman behar da amarakulturetxea@donostia.eus helbidean.
Bihar, palindromo-jokoen bueltan osatutako "Ulu, ala, ele, Abere ba" ikuskizuna eskainiko dute Victoria Eugenia Club aretoan, 19:00etan. Bigara bikotearen Abere ba palindromo ilustratuen piztegia liburuan oinarrituta, Amorante eta Okene Abrego musikariekin batera ondutako ikuskizuna da. Sarrerak bukatu direnez bigarren emanaldi bat egingo dute martxoaren 26an; gonbidapenak donostiakoliburutegiak@donostia.eus helbidean eska daitezke.
Asteazkenean, Luis Garcia Montero eta Itziar Minguez poetak solasean arituko dira Garcia Monteroren obraz eta ibilbideaz, Ernest Lluch Kultur Etxeko areto nagusian, 19:00etan. Izena eman behar da amarakulturetxea@donostia.eus helbidean.
Ostegunean amaituko da Poesialdia jaialdiaren egitaraua, IV. Donostia Kultura Poesia Lehiaketaren sari banaketarekin. 11:00etan izango da, Liburutegi Nagusiko San Jeronimo aretoan. Gonbidapenak donostiakoliburutegiak@donostia.eus helbidean eska daitezke.
Iruñea
Atzo egin zituzten lehen ekitaldiak Iruñean ere, Sheila Blancok 27ko belaunaldiko zenbait idazleri egindako omenaldiarekin eta Antton Valverderen kontzertuarekin. Gaur Oihane Garmendiak eskainiko du saioa. Bidaia (H)ariketak lanarekin Iruñea Hiria Saria irabazi zuen Garmendiak, eta bere lana partekatu eta Nafarroako euskarazko poesiagintzaren panoramari buruz arituko da Condestablen, 19:00etan.
Asteartean 80ko hamarkadan jaiotako poetei buruzko saio bat eskainiko dute Verónica Arandak eta Aitor Francosek, Javier Asiáinek gidatuta. Condestablen izango da, 19:00etan. Asteazkenean amaituko da egitaraua, Sr. Vértigoren “Planeta Poesía” ikuskizunarekin.