Datorren uztailaren 15etatik 17ra bitartean poesiaren ikuspegi dinamikoa izango da erakusgai Eako poesia egunetan. Atzo aurkeztu zuten aurtengo ediziorako prestatuko egitaraua Bilbon egindako agerraldian. Tartean, poesia modernoaren bilakaera aztertuko dute Gabriel Arestiren Harri eta Herri eta Xabier Montoiaren Harrietatik Anfetaminetara lanak alderatuz.
Harrikadie izenburupean mota ezberdinetako ekitaldiak antolatu dituzte: hitzaldiak, errezitaldiak, kantaldiak eta “ekitaldi esperimentalak” besteak beste. Ostiraletik igandera bitartean izango diren ekintza guztiak auzolanean antolatu direla azpimarratu nahi izan du Asun Landa Herrijeri emon arnasa kultur taldeko kideak.
Gonbidatu berezi gisa Elena Medel (Kordoba,1985) idazle espainiarra izango da, honek Marosa di Giorgio, Alda Merini, Adrienne Rich, Birgitta Trotzig eta Wislawa Szymborska idazleen poetikaren bitartez berea azaltzen saiatuko da; Txindurriak eta arrosak: nire poetikaren bila, bost emakume izenburupean emango duen hitzaldian.
Horrez gainera, Miren Agur Meaberen errezitaldia egongo da. Joseba Tapiak Eta Tira eta tumba diskoko abestiak aurkeztuko ditu eta ondoren irrati performancea eskeiniko dute Maialen Lujanbio eta Xabi Erkiziak. Bukaera emateko, Ramon Agirrek eta Inazio Tolosak Iñigo Aranbarriren testu bat oinarri hartuta Zer egin poema batekin lana aurkeztuko dute.