Eduardo Muriel kazetariak Podemosek Europako hauteskundeetan izan duen arrakasta aztertu du La Marea hedabidean.
Bruselako parlamentuan bost diputatu lortu ditu Pablo Iglesias politologo madrildarraren alderdiak. Eta Hego Euskal Herrian ere, hutsetik abiatuta 72.000 boto eskuratu ditu. Murielek bost gako azpimarratu ditu arrakasta hori ulertzeko:
Diskurtso erraza eta sentimenduak pizten dituena
Iglesiasen esanetan “intelektualitatean zentratuegi” dagoen diskurtsoa erabili izan dute orain arte ezkerreko alderdiek. Ezker mugimendua masa kulturatik aldenduta egon dela eta “bere buruarengan itxi” dela uste du Podemoseko liderrak.
Ezkerreko pentsamenduaren oinarrizko puntuak “zentzuzko ideia” modura azaltzeko ahalegina egin du alderdi jaioberriak, arrazoiaz gain sentimenduetara ere joz.
Ikus entzunezko baliabideak
Iglesiasek telebistan agertzea oinarrizko gakoa izan da Podemosentzat.
Audientziari erreparatuz gero, telebista da herritar gehienengana iristen den hedabidea, eta Iglesiasek polemika sortuz ikuslego zabala duten kanal eta programetan agertzea lortu du. Eskuinaren antagonista rola jokatu du Intereconomia bezalako muturreko eskuinaren kateetan, baita ikusle kopuru handiagoa duten “Las mañanas de Cuatro” bezalako tertulia saioetan. Horrela, alderdikide edo jarraitzaileetatik harago iritsarazi du bere mezua eta irudia.
Orain Publicok eskaintzen duen La Tuerka saioko aurkezlea da, baita Hispan TV-ko Fort Apache programakoa ere. Biak eztabaida politikorako guneak dira.
Bestalde, ikus entzunezko hizkera erabili du madrildarrak, zuzena eta irudikagarria. “Mezuaren funtsaz gain forman ere pentsatu dugu”, adierazi zuen Iglesiasek La Marea hedabideak jasotako hitzetan.
Lider izaera
Pablo Iglesiasek alderdiaren pisu guztia hartu du bere gain. Bozka-orrian ere, Iglesiasen aurpegia jarri dute, bere figura alderdia bera baino famatuagoa dela argudiatuta.
Pablo Iglesiasen etengabeko ikusgarritasuna alderdiari eginiko kritika handienetako bat izan da, ezkerreko alderdi bertikal modura deskribatu baitute zenbaitek. Dena dela, ikusgarritasun hori bera izan da PPko hautagai Arias Cañete edo PSOEko Elena Valencianok baino onespen handiagoa izatea ahalbidetu diona.
M-15a eredu
Espainiako Estatuko hainbat plaza hartu zituen “haserretuen” mugimenduak baliatutako eskaera asko bere egin ditu Podemosek eta 2011ko protestetatik garatzen joan den “ezadostasun mugimendua” oinarri hartu du.
Izenak berak, maiatzaren 15eko mugimenduaz geroztik erabili den “sí se puede” leloa (“gai gara”) iradokitzen du, eta Barack Obamaren kanpainako “Yes we can” arrakastatsuan oinarritzen da.